LABORAL Kutxa-Euskadi taldeko Arianna Fidanza nagusitu da Pionera Race proban

Fundación Euskadi
1 February 2026

Arianna Fidanza azkarrena izan da Pionera Race (1.1) klasikoan, eta denboraldiko bederatzigarren garaipena lortu du LABORAL Kutxa-Euskadi taldearentzat.

Fidanzak bere abiadura azaldu du helmugan garaipena eskuratzeko, Laura Asencio frantziarra (Ma Petite Entreprise) eta Oda Ane Gissinger norvegiarra (Hitec) gaindituta. Euskal taldeak lasterketa menperatu du, txirrindulari italiarraren aldeko apustua eginez, eta honek taldearen konfiantzari erantzun dio, besoak nagusitasunez altxatuz. LABORAL Kutxa-Euskadin egiten ari duen bigarren sasoian, Fidanzak bere lehen garaipena erdietsi du maillot morearekin, duela gutxi Mallorcan maila ederra erakutsi ondoren.

Irati Aranguren, Alice Arzuffi, Arianna Fidanza, Tiril Jørgensen, Debora Silvestri eta Cristina Tonetti txirrindulariek osatutako multzoak 72 kilometroko ibilbide bihurria bete du El Real de Gandia (Valentzia) eta Cocentaina (Alacant) hirien artean. Antolakuntzak ibilbideko 30 kilometro moztu ditu.

Ion Lazkano, kirol zuzendaria: "Errematea bikaina izan da lasterketa oso urduri batean. Erritmoa gogortu dugu mendiko sarian, taldea aukeratzeko eta Alma Walther Møller Rasmussenen ihesa gerturatzeko. Bai Arik eta bai Deborak hanka onak izan dituzte eta, nahiz eta multzo nagusia ez izan aurreneko tropelean, ondo jokatu ditugu gure aukerak. Arik irabazten jakin du eta bederatzigarren garaipen oso garrantzitsua eman digu".

Garaipen horrek taldearen 2026ko hasiera bikaina baieztatzen du, bederatzi garaipen pilatuta. El Salvadorreko Tourrean, Cata Sotok bi etapa irabazi zituen, Marjolein Van't Geloofek bat eta Paula Patiñok azken saioa eta sailkapen Nagusia poltsikoratu zituen. Yuliia Biriukova, berriz, nagusitu zen El Salvador Sari Nagusian, Paula Patiño Longitudinal del Norte Sari Nagusian eta Van't Geloof Oriente Sari Nagusian. Fidanzak taldearen batez besteko maila bikaina ziurtatu du Pionera Racen lortutako arrakastarekin, irabazten duen bosgarren txirrindularia izanik.

Hasiera horri esker, LABORAL Kutxa-Euskadi UCI 2026 sailkapeneko bigarren talderik onena da. Hurrengo lasterketak honako hauek izango dira: Vuelta CV Féminas (1.Pro), otsailaren 8an, Setmana Ciclista Valenciana (2.Pro), otsailaren 12tik 15era, Clásica de Almería 1.Pro), otsailaren 22an, eta Omloop Nieuwsblad (WorldTour), otsailaren 28an. Bestalde, Yanina Kuskovak Asiako Txapelketak lehiatuko ditu (otsailak 5 eta 8) eta Paula Patiñok, Kolonbiako Txapelketan (otsailak 6).

0 Comments
Login or register to comment