GIRO D´ITALIA GIOVANI U23K EUSKADI FUNDAZIOKO TXIRRINDULARI GAZTEEN MAILA NEURTUKO DU

Itzuli

2021/06/01

GIRO D´ITALIA GIOVANI U23K EUSKADI FUNDAZIOKO TXIRRINDULARI GAZTEEN MAILA NEURTUKO DU

  • Esperientzia pilatzen jarraitzea eta formazio prozesuan beste urrats bat ematea izango da 23 urtez azpikoen mailako lasterketa garrantzitsuenean parte hartuko duen boskotearen helburua
  • Euskadi Fundazioaren kirol-egitasmoa nazioartean ezagutzera emateko eta proiektatzeko aukera aparta da

Euskadi Fundazioko espedizioa osatzen duen lan-taldea dagoeneko Italian da, begirada datorren ostegunean, ekainak 3, hasiko den Giro D´Italia Giovani U23n jarrita. 23 urtez mailako kategorian mundu mailan dagoen lasterketarik garrantzitsuena da, 1.300 km baino gehiagoko ibilbidearekin. Hamar etapa izango dira, 176 txirrindulari eta 35 talde. Tartean, LABORAL Kutxako bost txirrindulariak.

Asier Etxeberriak, Unai Iribarrek, Xabier Berasategik, Xabier Isasak eta Ibai Ruiz de Arkautek osatzen dute Giro D´Italia Giovani U23 lasterketaren 44. edizioan parte-hartuko duen LABORAL Kutxako bostekoa. Txirrindulariekin batera, zuzendari lanak egingo dituen Mikel Gaztañagak, bi masajistek eta mekaniko batek osatzen dute Euskadi Fundazioak Italiara eraman duen lantaldea.

Ion Lazkanok etxetik jarraituko du lasterketa. Taldeko zuzendariak Girinoan parte-hartuko duen bostekoaren indarra nabarmendu du. “Talde orekatua eta indartsua da. Bostek errepidean irabazi dute txartela, aurreko eta aurtengo denboraldietako kirol-lorpenekin. Guretzako talderik egokiena da, orain arte eman digutenagatik eta etorkizunean ematea espero dugunagatik”. 

Jarraian, Girinoan Euskadi Fundazioaren eta LABORAL Kutxaren koloreak defendatuko dituzten bost txirrindularien ezaugarriak azaldu ditu. “Asier Etxeberria eta Xabier Berasategi igotzaile petoak dira, arnas luzekoak, hau da, portu luzetan ongi defendatzen direnak eta egindako esfortzua errekuperatzeko gaitasun handia dutenak, hamar egunetako itzulietan oso ongi datozen ezaugarriak. Unai Iribar pedal-kolpe ikaragarriarekin dago, denboraldiko emaitzak ikusi besterik ez dago. Igotzen trebea, azkarra da eta multzo txikitan abila. Xabier Isasa, berriz, leku guztietan ongi moldatzen den txirrindulari horietako, lasterketen irakurketa ona egiten duena. Eta Ibai Ruiz de Arkaute potentzia handiko mutila, batez ere ordekan, eta ihesaldiak harrapatzeko dohain berezia du”.

Nazioartean estreinakoz

Taldeak zein helburu dituen galdetuta, Ion Lazkanok ez du aurreikuspen handirik egin nahi izan. “Oso zaila da jakitea besteekiko zein izango den gure maila. Bost txirrindulariak estreinakoz ariko dira halako nazioarteko lasterketa batean, eta egia aitortzeko, gure maila non dagoen jakiteko erreferentziak falta zaizkigu. Askotan errepikatzen den esaldia bada ere, etapaz etapa joango gara; argi dagoena da Girinoak bakoitza gure lekuan jarriko gaituela, eta hautaketa prozesu horretan noraino iristeko gai garen ikusiko dugu. Eta prozesu horretan poz-txikiren bat hartzeko aukera badugu, ezin hobe”.  

Kirol-emaitzez haratago, Lazkanok argi du esperientzia aberasgarria izango dela. “Formazio prozesuan beste urrats bat gehiago izango da bertan parte-hartuko duten bost txirrindularientzat. Ongi bidean, bizpahiru urteren bueltan profesionaletara urratsa emango duten txirrindulariak dira, eta Girinoa bezalako lasterketak esperientzia pilatzeko lagungarriak izaten dira; ikasketen jarraitzeko aprobetxatu behar dute”.

Eszenatoki hoberik ez dute izango, 23 urtez azpikoetan onena. Eta exijentzia maila, ikaragarria; ibilbideagatik eta tropelagatik. Ekainaren 3tik 12ra bitartean 10 etapa izango dira 25 km erlojupekoarekin, ordekako etapekin eta, nola ez, mendate beldurgarriekin; guztira, 18.500 metroko desnibel metatua. Eta Ion Lazkanok azpimarratzen duen bezala, “ibilbidearen gogortasunari aurkarien maila gaineratu behar zaio, lasterketa are gehiago gogortuko duena”. Guztira 176 txirrindularik ekingo dio lasterketari, bost txirrindulariko 35 taldetan banatuta.

Nazioartean ezagutarazteko leihoa

Jesús Ezkurdia Euskadi Fundazioko Manager Orokorrak Giro D´Italia Giovani U23n parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du, Euskadi Fundazioaren kirol-egitasmoan mugarri bat dela nabarmenduz. “Harrobia da gure egitasmoaren oinarria, eta txirrindularitza munduan antolatzen den 23 urtez azpiko lasterketarik entzutetsuenean parte-hartzeak gure kirol-egitasmoa nazioartean ezagutzera emateko eta proiektatzeko aukera aparta emango digu. Txirrindularien ikuspegitik, zer esan, opari bat. Adieneko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izango dute, euren formazio prozesuan beste urrats bat emanez”.

Ander Toñak bere aldetik, LABORAL Kutxako Patrozinio Handienen arduradunak, Euskadi Fundazioa babesteko arrazoi nagusia harrobiarekin eta emakumeekin egiten den lana dela gogorarazi du. “Kirol egitasmo onek gure lurraldeko gazteen aldeko apustua egiten du, txirrindulari profesionalak izateko aukera ematen die. Filosofia hori bat dator LABORAL Kutxan kirola ulertzeko daukagun moduarekin. Zentzu honetan, Girinoan parte-hartzeko aukerak harrobiaren alde egiten dugun inbertsioa sendotzen du eta LABORAL Kutxako txirrindulariek proiektatzen dituzten baloreen aldeko konpromisoa indartzen du”.

 

 

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean