Ane Santesteban (LABORAL Kutxa), top10etik bi segundora Itzulian

Itzuli

2024/05/12

Ane Santesteban (LABORAL Kutxa), top10etik bi segundora Itzulian

Ane Santesteban (LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa) onenen taldea iritsi da Donostiara, Emakumezkoen Itzuliaren (2.WWT) hirugarren etapan, eta top10aren helburua lortzeko gertu izan da, 15. postuan sailkapen nagusian, podiumetik 15 segundora.

2024ko Itzulia Donostiarako azken etapa erabaki da 114,9 kilometro beteta. Dozena bat txirrindularik ihes egin dute Jaizkibelen (1.a, 42,6 km) eta Usoa Ostolaza saiatu da bat egiten, alferrik. Lasterketa Murgileko muinoan (2.a, 86,6 km), 4,1 km % 7,3ra, ia % 20ko aldapekin, hautsi da eta Demi Volleringek (SDW) bere maila erakutsi du eta aldea ireki du. Atzetik, Santestebanek lasterketari heldu dio eta herbeheretarra jarraitzen zuen taldeak harrapatu du gipuzkoarrak. Helmugan, Errenteriakoa 12. sailkatu da eta 15. postuan amaitu du Itzulia, hirugarren postutik 15 segundora, bosgarrenetik 11 segundora eta hamargarrenetik bi segundora, hain zuzen ere.

Yurani Blanco eta Usoa Ostolaza, berriz, hirugarren multzo batean iritsi dira, eta LABORAL Kutxa talde onenen artean mantendu dute, zazpigarren eta Kontinental mailako lehenengoa, 20 taldeko partaidetzarekin, WorldTourreko 13rekin.

Ane Santesteban: "Laburpena ona da taldeak oso maila ona eman duela uste dudalako. Duela urte batzuk pentsaezina zen, asko hobetu dugu. Pozik nago, baina beti gehiago nahi dut. Egia esan, gaur uste baino hanka hobeak izan ditut eta talde nagusian iritsi naiz, nahiz eta oraindik ehuneko ehunean egoteko falta zaidan. Argi dago zortea ez dugula lagun izan azken asteetan, baina uste dut ondo ari garela. Gainera, oso etapa hunkigarria izan da niretzat (Errenteriatik igaro da saioa), familia eta lagunak errepidean ikusi baititut, eta ia negarrez hasi naiz".

Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduraduna: "Gure helburu nagusia, lehen hamarren artean sailkatzea, lortzetik gertu egon gara. Lasterketa oso estu egon da eta sailkapena segundo gutxietan lehiatu da. Anek duen maila erakutsi du eta onenengandik oso gertu egon da, bere hanka onenak izan ez arren. Taldearen maila ona izan dela esango nuke. Gaur, Yuranik eta Usoak denbora galdu dute Murgilen, baina pozik egoteko Itzulia bete dugu, aurpegia eman dugulako etxeko lasterketan. Orain gorputzak osatu behar ditugu, izan ere, hurrengo lasterketan pentsatzen ari gara, datorren asteartean Durango baitugu etxean berriro".

Nadia Quagliotto hamargarren izan zen Elgoibarko lehen etapan ostiralean eta Santesteban ere hamargarren sailkatu zen larunbatean Basaurin. Ane Santesteban, Yurani Blanco, Jessenia Meneses, Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto eta Eri Yonamine izan dira LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko sei txirrindulariak Itzulian.

Taldeak bi hitzordu garrantzitsu izango ditu datorren astean: Durango-Durango Emakumeen Saria (1.1) klasikoa, hilaren 14an, asteartean, eta Burgosko Itzulia (2.WWT), hilaren 16tik, ostegunetik, hilaren 19ra, igandera.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean