ATSEDENIK EZ ASTEBURUAN EUSKADI FUNDAZIOKO TALDEENTZAT

Itzuli

2021/07/22

ATSEDENIK EZ ASTEBURUAN EUSKADI FUNDAZIOKO TALDEENTZAT

  • Euskaltel-Euskadik Ordiziako Klasikoa jokatuko du igandean, denboraldiko une garrantzitsuenetariko bati hasiera emango dion lasterketa
  • LABORAL Kutxako taldeek, Madrilgo Itzuliaz gain, Euskadiko Emakumezkoen Txapelketa eta Euskalduna Trofeoko lasterketak izango dituzte

Euskadi Fundazioko kirol-zuzendariek gorriz markatutako lasterketetako bat da Ordiziako Klasikoa, talde laranjak etxean jokatzen dituen lasterketa guztiak bezala. Oraingo honetan, ordea, denboraldiko unerik garrantzitsuenetariko bati hasiera emango dion lasterketa izango da, hilabete eta erdiko epean, besteak beste, Donostiako Klasikoan, Getxoko Zirkuitoan eta Espainiako Vueltan izango baita taldea.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko zuzendaria ilusioz gainezka dabil igandean, uztailak 25, taldeak hasiko duen lasterketa egutegiaren aurrean. “Denboraldiko unerik garrantzitsuenetariko baten aurrean gaude; Espainiako Vuelta eta etxeko hiru lasterketa dauzkagu hilabete eta erdiko epean eta taldeak ausardiaz eta anbizioz jokatu behar duela argi daukagu”.

Igandean izango dute lehenengo lasterketa, Ordiziako Klasikoaren 98. edizioa. 165 kilometroko froga izango da, Abaltzizketako gaina bost alditan igo beharko dutena eta Altzokoa beste bitan. Euskaltel-Euskadik zazpiko hau eramango du Ordiziara: Mikel Iturria, Mikel Bizkarra, Ibai Azurmendi, Unai Cuadrado, Julen Irizar, Antonio Angulo eta Gari Bravo.

Espainiako Vuelta buruan, eta altueran egindako entrenamendu orduen lan-kargarekin aurkeztuko da taldea, baina etxean aritzeak eragiten duen motibazioz eta ilusioz gainezka. Azanzak oso argi du zein den taldearen helburua. “Lasterketa irabaztea, borroka horretan egon behar dugu. Lasterketaren ezaugarrietara egokitutako taldearekin goaz, eta helmuga-marra zeharkatu bitartean daukagun guztia emango dugu. Denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu nahi dugu, eta zer hobe etxean egitea baino”.

Lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da eta aurreikuspenen arabera, txirrindulariak 14:00ak aldera iritsiko dira helmugara. Ordiziako Klasikoan YouTube duen kanalean jarraitu daiteke lasterketa zuzenean.

Euskadiko Emakumezkoen Txapelketa

Bestalde, LABORAL Kutxako UCI Women´s Continental Team mailako taldeak bi lasterketa izango ditu asteburuan: Euskadiko Txapelketa eta kilometro eta erdiko krono-igoera. Zalantzarik gabe, Ion Lazkanoren zuzendaritzapean ariko diren txirrindulariek Amurrion jokatuko den Euskadiko Txapelketa daukate begiz jota. Eta podiumeko postuak helburu.

Euskadiko Txapelketa larunbatean, hilak 24, jokatuko da, eta txirrindulariek 69,5 km-ko ibilbidea beteko dute. Froga goizeko 10:00etan hasiko da eta bukaera, gutxi gorabehera, 13:00etarako dago iragarrita. Bederatzi txirrindulari hauek parte-hartuko dute: Ainhize Barrainkuak, Xubane Garaik, Garazi Estévezek, Eukene Larrartek, Tania Calvok, Irantzu Belokik, Idoia Erasok, Nekane Gómezek eta Elena Cuencak.

Euskadi Txapelketa jokatu aurretik, beroketa modura, ostiralean, hilak 23, Bergarako krono-igoera izango dute. 1,5 km-ko ibilbide laburra baina gogorra, taldeak erlojuaren aurkako egin duen prestaketa lana balioan jartzeko aproposa. Euskadiko Txapelketan parte-hartuko duten txirrindulari guztiek parte-hartuko dute krono-igoeran Nekane Gómezek izan ezik.

Asteburuko lasterketen aurreko kronika amaitzeko, 23 urtez azpikoez hitz egin beharra dago. Momentu honetan, taldea bitan zatituta dago: batetik, Madrilgo Itzulia lehiatzen ari direnak, eta bestetik larunbatean Bilatortan (Nafarroa) parte-hartuko dutenak. Azken hauek, larunbatean izango dute 134 km-ko lasterketa, helmugatik 20 km-tora lehen mailako Elizaren gaina mendate gogorrarekin.

Larunbaterako, Ion Lazkanok zortzi txirrindulariz osatutako taldea eramango du. Hauek dira: Asier Etxeberria, Ander Amonarriz, Xabier Berasategi, Jon Arakama, Iñaki Murua, Ander López, Enekoitz Azparren e Iván Gómez. Entrenatzailearen hitzetan talde lehiakorra da, eta Berasategi, Etxeberria eta Azparrenen sasoi-puntua nabarmendu du.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean