Peio Goikoetxeak eta Antonio Angulok gurekin jarraituko dute beste urte batez

Itzuli

2020/11/12

Peio Goikoetxeak eta Antonio Angulok gurekin jarraituko dute beste urte batez

Datorren denboraldiko taldea osatzen jarraitzen dugu. Luis Ángel Matéren fitxaketa eta Xabier Mikel Azparren talde profesionalera igoko dela baieztatu ondoren, Peio Goikoetxeari eta Antonio Chava Angulori kontratua urte betez luzatu diegula iragartzen dugu.

Azanza pozik agertu da bi txirrindularien kontratu-berritzearekin. “Taldean lehiatzeko maila dutela erakutsi dute, eta guretzako bien jarraipena albiste ona da”. Biak ala biak, denboraldi berrian txirrindulari garrantzitsuak izango dira. Haietaz zer espero duen galdetuta, Azanzak adierazi du Peiori “talde-lana egitea” eskatuko diola. “Horixe da bere ezaugarria, eta taldekideen mesedetan lana egitea eskatuko diogu. Sukalde-lanean aritzen diren txirrindulariek ez daukate ikusgarritasun handirik, baina guretzako oso garrantzitsua da lan hori egiten duten txirrindulariak izatea, eta Peio, lan horretan ona da”.

Chavaz galdetuta, bestelako espektatibak dituela onartu du. Kantabriako txirrindulariak urtebete egin du talde laranjan, eta korritu dituen lasterketetan emaitza onak lortu ditu. Besteak beste, 10. postuan amaitu zuen Tour du Limousin, eta Paris-Tours entzutetsuan, 16. “Dohaina duela erakutsi du, eta ziur nago datorren denboraldian agerian utziko duela”.

Bi txirrindulariak ere pozik agertu dira kontratu-berritzeekin, batez ere bizi dugun egoera zein den kontuan hartuta. Peiok laugarren urtea beteko du taldean, eta denboraldi berriari “lesiorik gabe igarotzea” eskatzen dio, “taldeari nire onena emateko”. Zentzu honetan adierazi du ilusio berezia egingo liokeela “taldekide bati garaipena lortzen laguntzea. Demasa litzateke”.

Angulok, berriz, Espainiako Itzuliarekin amesten du. “Egun gutxi dira errepide bazterrean pasatzen ikusi ditudala, entrenatzen aritzen naizen errepideetan. Datorren denboraldian Espainiako Itzulian parte-hartzeko aukera izan dezakegula pentsatze hutsak izugarri motibatzen nau”. El Llanoko txirrindulariak bukatu berri den denboraldia zapore gazi-gozoarekin amaitu du: “Pozik nago lortutako emaitzekin, baina oso lasterketa gutxi egin ditugu, nire kasuan 25 baino ez, eta zertxobait gehiago egiteko aukera izango dugunaren ustea geratu zait. 2021a hobea izatea espero dut, eta batez ere, normaltasuna itzultzea, gizartera orokorrean, eta txirrindularitzara”.

 

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean