Eider Merino, LABORAL Kutxaren lehen fitxaketa

Itzuli

2022/10/31

Eider Merino, LABORAL Kutxaren lehen fitxaketa

Eider Merinok (1994, Balmaseda) LABORAL Kutxa taldean jarraituko du bere kirol ibilbidean. Igotzaile bizkaitarrak bat egin du Euskadi Fundazioaren emakumeen multzoarekin.

Merino taldeko liderra izango da errepidean, batez ere nazioartean, eta gainerako taldekideentzako kirol gidaria izango da. LABORAL Kutxak bere egituraren atea ireki dio etxean bizikleta heldutasuna osatu ahal izateko, izan ere, euskal txirrindulari onenei maila gorenean lehiatzeko aukera ematea da babeslearen helburu nagusietakoa. Taldea hazi egingo da 2023an, eta 2024tik aurrera Women World Tour leku bat lortu nahi du, euskal emakumezkoen txirrindularitza ezagutzera emateko mundu mailan.

Balmasedako txirrindulariak, beraz, Euskadi Fundazioaren etorkizuneko proiektua aukeratu du, 2029ra arte LABORAL Kutxaren babesarekin, egonkortasuna izateko eta bere txirrindularitza-ibilbidearekin jarraitzeko.

Eider Merino: "Gauzak kirol arloan atera ez zaizkidan bi urteren ondoren, konfiantza berreskuratu nahi nuen, zoriontsu egon, egutegi bat izan... Eta zein leku hobea etxean baino, eta are gehiago Euskadi Fundazioa bezalako proiektu batean. Txirrindularitza hainbeste gustatzen zait, ezin naiz hura gabe egon. Aukera desberdinak nituen, eta LABORAL Kutxarena aukeratu dut familia batean bezala sentitzeko, dena gertu izateko, ondo babestuta egoteko. Nire esperientzia guztia eman nahi diet maila handia duten txirrindulari gazteei. Konfiantza ematea lasterketan, egoera eta une jakin batzuetan. Eta giro ona gustatzen zait, eta hori taldeari ere eman diezaioket. Nazioartean, geure burua ikusten eta emaitzak lortzen hasi behar dugu, ez baikara ezagutzen, eta pixkanaka begirunea bereganatu. Taldearekin gauza garrantzitsuak lortzea espero dut, denak batera".

Ion Lazkano, LABORAL Kutxako kirol arduraduna: "Eiderren fitxaketa garrantzitsua da egitura hazteko; urte asko daramatza txirrindularitzan, munduko lasterketa onenetan, maila gorenean. Hemen bere aurpegirik onena berreskuratzea espero dugu. Gure proiektua, oro har, bere izateko eta lan egiteko erarekin bat datorrela uste dugu, eta ahalik eta etekin handiena atera dezakeela gurea bezalako ingurune hurbil batean. Gainera, etxeko gainerako txirrindularientzat eredu handia da bere ondoan ikasi eta hazi daitezen".

Zazpi urte besterik ez zituela, pedalak ematen hasi zen Eider SC Balmasedako eskoletan, ondoren SD Ugeragara pasatzeko kadete eta junior mailetan. Profesionalean, berriz, maila gorenean lehiatu da: Lointek (2013-2017), Movistar Team (2018-2020), Monex (2021) eta Le Col (2022).

Espainiako txapeldun 2018an, eta brontzea 2020an -junior mailako urrea 2011n-, eta etapa bat Ardècheko Tourrean irabazita, distira egin du nazioarteko lasterketa handietan azken urteetan: zortzigarrena 2018ko Italiako Giroan -laugarrena Monte Zoncolan-, 16. postuan 2019an eta 17. postuan 2021ean; laugarrena Emakumeen Biran 2017an eta bederatzigarrena 2019an; bi aldiz hirugarren Ardécheko Tourrean... Era berean, Kimikan lizentziaduna da. Zalantzarik gabe, LABORAL Kutxak maila jauzia egin du Eiderrekin eta taldeko gainerako txirrindulariak bultza ditzake

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean