EUSKADI FUNDAZIOA DONOSTIAKO KLASIKOARI BEGIRA

Itzuli

2021/07/27

EUSKADI FUNDAZIOA DONOSTIAKO KLASIKOARI BEGIRA

  • Euskaltel-Euskadi eta LABORAL Kutxa UCI Women´s Continental Team taldeak ariko dira klasiko prestigiotsuan 
  • Talde laranjak beste bi zita izango ditu astean zehar: Gaztela eta Leoneko egun bakarreko Itzulia eta Getxoko Zirkuitua

Euskadi Fundazioko bi talde nagusiak Donostiako Klasikoan izango dira datorren larunbatean, uztailaren 11n. Euskaltel-Euskadik duela zortzi urte parte-hartu zuen Klasikoan eta UCI Women´s Continental Team mailako LABORAL Kutxa estreinakoz ariko da Donostiako lasterketa prestigiotsuan. Ez dira asteko lasterketa bakarrak izango, talde laranja Gaztela eta Leongo Itzulian eta Getxoko Zirkuituan ariko baita uztailaren 29an eta abuztuaren 1ean.

Helburu ezberdinak jarri ditu Jorge Azanzak Euskaltel-Euskadik aste honetan korritu behar dituen hiru lasterketei begira. Donostiako Klasikoa maila goreneko lasterketa izanik, taldeari borrokarako grina eta ausardia eskatuko dizkio, “denboraldian zehar erakutsi dugun izaera lehiakorra mantentzea. Donostiako Klasikoan maila goreneko txirrindulariek parte-hartzen dute, eta badakigu oso zaila izango dela borrokarako lehian sartzea. Baina gure lana txukun egiten badugu, modu batean ala bestean, protagonistak izango gara”.

Getxoko Zirkuituari eta Gaztela eta Leongo Itzuliari begira, ordea, helburuak bestelakoa behar du. “Protagonista izateaz gain, borrokarako lehian sartzea eskatu behar diogu gure buruari. Irabaztea ez da erraza, hori badakigu, baina irabazteko aurrean egotea ezinbestekoa da, eta gure lekuan hor dagoela uste dut”.

Aitzakiarik ez Azanzaren hitzetan. Helburuak argi, eta Espainiako Vuelta begiz jota, taldea hirutan zatitu du. Antonio Angulo, Mikel Irizar, Iker Ballarín, Gari Bravo, Mikel Alonso, Txomin Juaristi eta Unai Cuadrado Gaztela eta Leonen ariko dira uztailaren 29an. Leonen hasi (13:30) eta Ponferradan amaituko den (18:30) lasterketarako gizon azkarren aldeko hautua egin du prestatzaile nafarrak.

Bigarren blokeak Donostiako Klasikoan parte-hartuko du. Luis Ángel Maté, Mikel Bizkarra, Mikel Iturria, Joan Bou, Gotzon Martin, Ibai Azurmendi eta Xabier Mikel Azparren dira World Tour mailako lasterketan ariko direnak. Horietako asko Espainiako Itzulian ariko dira, eta Donostiako Klasikoan nolako pedal-kolpearekin dauden ikusteko froga ona izango da. Lasterketa uztailaren 31n jokatuko da, goizeko 11:45 eta 17:30 bitartean. Badira zortzi urte Euskaltel-Euskadik ez duela Donostiako Klasikoan parte-hartzen, eta taldea “ilusioz eta motibazioz” gainezka dagoela adierazi du prestatzaileak.

Asteko azken lasterketa Getxokoa izango da, Getxoko Zirkuitua.  Antonio Angulo, Mikel Irizar, Mikel Aristi, Juanjo Lobato, Txomin Juaristi, Antonio Soto eta Peio Goikoetxea dira aukeratuak, eta Gaztela eta Leonen bezala, txirrindulari azkarren aldeko apustua egin du Azanzak. Lasterketa abuztuaren 1ean jokatuko da eta txirrindularien 193 kilometro bete beharko dituzte; irteera 12:00etan izango da Gugenheim-etik eta bukaera, 16:45ak aldera Getxon. Aste berean etxean jokatzen duten hirugarren lasterketa izango da.

Estreinakoz Donostiako Klasikoan

Zalantzarik gabe, berezia izango da larunbateko lasterketa LABORAL Kutxako UCI Women´s Continental Team mailako taldearentzat. Ion Lazkanok zuzentzen dituen nesken lehenengo parte-hartzea izango da Donostiako lasterketan. Maila goreneko txirrindulariekin lehiatuko dira, eta horrek beti sortzen du zirrara berezia.

Ion Lazkano taldeko entrenatzailearen hitzetan, “guretzako opari handi bat da halako lasterketa batean parte-hartzea. Txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izango dugu, eta halako lasterketetan beti dago zer ikasia. Horixe izango da gure helburua, gure txirrindularien formazio prozesuan beste urrats bat ematea”.

Sei txirrindulari hauek osatzen dute Donostiako Klasikoan Euskadi Fundazioaren LABORAL Kutxako maillota defendatuko dutenak: Idoia Eraso, Irantzu Beloki, Eukene Larrarte, Ainhize Barrainkua, Garazi Estévez eta Elena Cuenca.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean