Euskadi Fundazioko maillotek distira emango diote Espainiako Ziklo-kros Txapelketari

Itzuli

2021/01/08

Euskadi Fundazioko maillotek distira emango diote Espainiako Ziklo-kros Txapelketari

  • Peio Goikoetxeak, Paula Suárezek eta Xabier Muriasek Torrelavegara bidaiatuko dute txapelketako hiru lasterketa garrantzitsuenetan lehiatzeko

  • Euskadi Fundazioko txirrindulariak errepideko egutegia ez ezik, denboraldian zehar beste diziplinetako frogak korrituko dituzte

 

Euskadi Fundazioko txirrindulariek hasi dute denboraldi berria, eta urte sasoi honetan ohikoa denez, lehenengo pedal kolpeak ziklo-krosean eman dituzte. Eta igande honetan, urtarrilak 10, Fundazioko hiru txirrindulari Torrelavegan jokatuko den Espainiako Ziklo-kros txapelketan izango dira. Igandean lehiatuko dira, urtarrilaren 10ean.

 

Peio Goiekoetxeak, Paula Súarezek eta Xabier Muriasek Torrelavegan jokatuko den Espainiako Ziklo-kros txapelketan izango dira. Gaur bertan hasiko den txapelketa igandera arte luzatuko da, eta Euskadi Fundazioko hiru txirrindulariak igandean ariko dira, hilak 10, Espainiako Txapelketan zehar jokatuko diren hiru lasterketa garrantzitsuenetan: 23 urtez azpikoa (9:30etatik aurrera jokatuko da), emakumezkoen elite mailakoa (11:30ean hasiko da) eta gizonezkoen elite mailakoa (13:30etatik aurrera). Lasterketa streaming bidez ikusteko aukera izango da lotura honetan.  

 

Euskadi Fundazioko ordezkariek jakitera eman dutenez, denboraldi honetan ohikoa izango da Fundazioko txirrindulariak errepidea ez den beste diziplina batzuetan ikustea. “2021 urterako jarri dugun erronketako bat izango da. Arreta errepideko egutegian jarriko dugu, baina beste diziplinak ezagutzea garrantzitsua da gure txirrindularien formakuntzarako, batez ere harrobiko txirrindularientzat. Beste lasterketa hauek diziplina ezberdinak ezagutzeko aukera emateaz gain, eskarmentua pilatzeko eta txirrindulari osoagoak egiteko baliagarria izango da”.

 

Horren jakitun, Fundaziotik erraztasunak jarriko dituzte lasterketa hauetara joan nahi duten txirrindularientzat: bizikletak, ekipazioak, mekanikoa… Eta txirrindulariek eskertzen dute ahalegina, “jasotako konfiantza bueltatzeko saiakera egingo dugu, eta emaitzak etortzen badira, hainbat hobe”, adierazi dute txirrindulariek.

 

Ziklo-krosera itzulera

Peio Goikoetxea Euskaltel Euskadiko txirrindulariaren itzulera izango da, lau urtez ziklo-kroseko lasterketarik egin gabe pasa ondoren. Kadete eta jubeniletan ohikoa zen Peio lokatz artean ikustea, eta Espainiako selekzioarekin ere munduko txapelketa batean ere parte-hartutakoa da, junior mailako bere bigarren urtean. Lau urteren bueltan helburu argi batekin itzuliko da ziklo-krosera: “Lasterketarekin eta diziplinarekin gozatu nahi dut. Atzean aterako naiz, ea zenbat txirrindulari aurreratzeko gai naizen. Baina inolako presiorik gabe, lasterketa hauek errepidekoak prestatzeko hartuko baititut”.

 

Paula Suárezentzat estreinako lasterketa izango da elite mailan. Iazko emaitzek (Euskadiko Txapelduna, elite mailan; eta Espainiako hirugarren 23 urtez azpikoetan) eta aurten egindako lehenengo lasterketakoak (urtarrilaren 2an jokatutako lasterketa irabazi zuen, Torrelavegan bertan) konfiantza ematen diote, eta maila nagusiko lasterketa korritzeko aukera izate hutsa sari gisa ikusten badu ere, “onenekin lehiatzeko gogoz” dagoela adierazi du, “esperantza hori daukat, podiumera igotzea erronka polita izango da niretzat”.

 

Xabier Murias, berriz, 23 urtez azpikoen lasterketan izango da eta iaz lortutako hirugarren postua hobetzen ahaleginduko dela iragarri du. Maila handiko txirrindulariak izango ditu alboan, eta ez du lanbide erraza izango. “Aurkariak ezagutzen ditut, eta gure kategoria oso indartsua da. Baina nire onena ematen badut, onenekin egoteko aukerak izango ditut. Eta hor baldin banago, edozer gerta liteke”.

 

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean