
2023/11/17
Euskaltel-Euskadik Elgoibartik abiatu du 2024. denboraldia
Euskaltel-Euskadi taldeak aurreneko hartu-emana bete du Elgoibarren aste honetan 2024ko denboraldiaren plangintzarako lehendabiziko urratsak ematen, hain zuzen ere. Lau egun hauetan euskal multzoak hainbat kirol eta gizarte jarduera egin ditu.
Talde laranjak aurpegi berriei ongietorria eman die Jorge Azanza eta Pello Olaberriaren kirol zuzendaritzapean, taldeko bi entrenamendu eta taldeko eta banakako hitzaldiekin, 2024ko helburuak eta egutegia finkatzen hasteko.
Era berean, Euskaltel-Euskadik bere gertutasuna eta erantzunkizun soziala erakutsi ditu egonaldi honetan Elgoibarko hainbat jarduerarekin. Asteartean, harrera ofiziala udaletxean eta Maialen Gurrutxaga alkatearen ongietorria, txirrindulari ginkana batek lagunduta. Hurrengo egunean, txirrindulariek Elgoibarko Lagun Taldeko kideak lagundu zituen Sallobenterako bizikleta irteera batean. Eta gaur, ostirala, Enekoitz Azparren, Ibai Azurmendi, Asier Etxeberria eta Txomin Juaristi txirrindulariak eta kirol zuzendaria Jorge Azanza udalerriko Herri Eskolan eta Ikastolan izan dira, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin hitz egiteko eta esperientziak partekatzeko.
Bestetik 18 txirrindulariek Skoda Menabiren Donostiako instalazioak eta Irizaren Ormaiztegiko egoitza bisitatu zituzten ostegunean, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten kirol proiektuaren erreferentziazko bi babesleen lana.
Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna: "Datorren denboraldia abian da. Oso topaketa emankorra izan da, batez ere berriak ezagutu eta taldearen lan-dinamikan integratu ahal izateko. Elgoibarko hainbat jardueratan parte hartu ahal izan dugu herriko haurrekin eta txirrindulari gazteekin bereziki. Eta babesleei gure hurbiltasuna erakusteko aukera ere izan dugu. Balorazioa oso positiboa da. Nire konfiantza osoa dut multzo honengan eta 2024 polita dugu aurretik, kirol mailan beste aurrerapauso bat emateko maila daukagulako".
Jon Aberasturi, Nicolás Alustiza, Enekoitz Azparren, Ibai Azurmendi, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Iker Bonillo, Xavier Cañellas, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Xabier Isasa, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Andoni López de Abetxuko, Gotzon Martín, Luis Ángel Maté, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia Elgoibarren elkartu diren 18 txirrindulariak izan dira. Larrabetzuko Horma Ondo Erretegian ostiral honetan egindako bazkariak amaiera eman dio asteari.