EUSKALTEL-EUSKADI ESPAINIAKO ITZULIRA IRIZAR MARKAKO BOST IZARREKO AUTOBUS BATEKIN JOANGO DA

Itzuli

2021/07/24

EUSKALTEL-EUSKADI ESPAINIAKO ITZULIRA IRIZAR MARKAKO BOST IZARREKO AUTOBUS BATEKIN JOANGO DA

  • Autobusa, Irizarrek txirrindulari talde profesionalarentzat fabrikatu duena, Fundazioak eta euskal enpresak sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da
  • Irizar i6S modeloko autobusa 13 metro luze da, bakarkako eserleku birakariak ditu eta kirolarien erosotasuna kontuan hartuta diseinatu da

Larunbatean, uztailaren 25ean, Ordiziako Klasikoa jokatzen dela kontuan hartuta, Euskadi Fundazioak eta Irizarrek euskal enpresak Euskadi Fundazioko txirrindulari talde profesionalarentzat espreski diseinatu duen autobusa aurkeztu dute. Hain zuzen, Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltara eramango duen autobusa da. Ibilgailuak, txirrindulari talde profesional batek behar dituen erosotasun guztiekin ekipatuta dago.

Euskadi Fundazioak eta Irizarrek Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltara eramango duen autobusa aurkeztu dute, talde profesionalarentzat espreski diseinatutako ibilgailua, taldeak Itzulian estreinatu zuena. Autobusa, euskal enpresak eta Fundazioak iaz sinatu zuten hitzarmenaren baitan kokatzen da, eta horren arabera, Euskaltel-Euskadik ibilgailua erabiltzeko aukera izango du hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Jesus Ezkurdia Euskadi Fundazioko Managerra oso pozik agertu da, eta esker oneko hitzak izan ditu Irizarrentzat. “Pandemiaren itzala luzea da, eta egun ez da erraza halako hitzarmenak sinatzea. Euskadi Fundazioarentzat ohorea da Irizar bezalako enpresa baten laguntza jasotzea, autobusen ekoizpenean mundu mailako erreferentea den enpresaren laguntza. Irizarrek eta Fundazioak, gainera, bat egiten dugu balore askotan: etxekoaren aldeko apustua, talde-lana, elkartasuna edo egunetik egunera hobetzen joateko grina”.

Autobusari erreferentzia eginez, Ezkurdiak “luxu bat dela” adierazi du. “Detailerik nimiñoena kontuan hartu dute eta talde profesional batek behar dituen erosotasun guztiak dauzka. World Tour mailako talde askok nahiko lukete gurea bezalako autobusa izatea”.

Iñaki Estensoro Irizarko presidenteak, bere aldetik, enpresak eta Fundazioak sinatu duten hitzarmena balioan jarri du. “Ilusio handia egiten digun egitasmoa da eta guretzat ere ohorea da. Irizarren aspaldi egin genuen kirolaren eta gure kirolarien aldeko apustua, eta hitzarmenak bete betean jasotzen du filosofia hori”.

Eta haratago joanez, Irizarren ikuspuntutik “oso motibagarria” da Fundazioaren eskutik joatea, “ziur gaude halako lankidetzak onurak baino ez dituela ekartzen, guretzat eta Fundazioarentzat. Eskutik helduta hazten joateko aukera ematen digu”.

Erosotasun guztiekin

Jarraian, Iñaki Estensorok Euskadi Fundazioarentzat espreski diseinatutako autobusaren ezaugarrietan jarri du arreta. Autobus integrala da, Irizar i6S modelokoa eta 13 metroko luzera duena. Diseinatzerako garaian, “kirolarien beharrak kontuan izan ditugula” adierazi du, eta besteak beste, komuna, dutxa, hotz gailua, mikro-uhin labea, sukaldeko plaka eta ontziak garbitzeko arraska dituela azaldu du. Eta atzeko partean, atsedena hartzeko gunea, sofa handi batekin.

Euskadi Fundazioko txirrindularientzat, eta taldeko teknikarientzat, ibilgailu “aproposa” dela nabarmendu du, erosoa delako eta aisialdia baliatzeko aukera ematen duelako. Erosotasuna, txirrindularientzako espreski prestatua dela eta Fundazioko ordezkarien beharrak asetzeko egina dagoen ibilgailua, “bakarra” dela adierazi du, “ez dauka parekorik”.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean