EUSKALTEL-EUSKADI ESPAINIAKO ITZULIAN IZANGO DA BERRIRO ERE

Itzuli

2021/02/16

EUSKALTEL-EUSKADI ESPAINIAKO ITZULIAN IZANGO DA BERRIRO ERE

Euskaltel-Euskadi Espainiako Itzulian izango da berriro ere

 

  • Vueltako antolakuntzak talde laranjaren parte-hartzea baieztatu du

  • Euskadi Fundazioak ilusioz eta erantzukizunez jaso du berria

 

Euskaltel-Euskadi Espainiako Itzuliko 76. edizioko irteera puntuan izango da, horrela baieztatu dute antolatzaileek. Albisteak izugarrizko zirrara sortu du Euskadi Fudazioaren egitasmoak batzen dituen pertsona guztien artean “azken urteetan egindako lana aitortzen duelako”.

 

Espainiako Itzuliko antolakuntzak ofizialki baieztatu du Euskaltel-Euskadi abuztuaren 14an Burgosen hasiko den Espainiako Itzuliko 76. edizioan izango dela. Hortaz, talde laranja UCI World Tour egutegiko hiru lasterketa garrantzitsuenetariko batean izango da aspaldiko partez. Jesús Ezkurdia Euskadi Fundazioko manager orokorrak, albistea jaso bezain pronto, esker oneko hitzak izan ditu Vueltako antolatzaileentzat. “Oso pozik gaude. Aitortza moduan jasotzen dugu gonbidapena; gure filosofiak, gure egiteko moduak, urteetan pilatutako lanak... errekonozimendua jaso duela sentitzen dugu, eta oso harro gaude”.

 

Ezkurdiak Euskadi Fundazioaren egitasmoa sustengatzen duen kolektiboa izan du gogoan. “Zuen laguntza eta konpromisoa funtsezkoak dira egitasmoa zuzentzeko. Guregan sinistu duzue, txirrindularitza bizitzeko eta ulertzeko daukagun ikuspegia zuena egin duzue. Harrobiko-lana ezinbestekoa dela ulertu duzue, finean, Euskadi Fundazioaren egitasmoa kirolaz haratago doan egitasmoa dela ulertu duzue, herrialde oso bat ordezkatzen duen egitasmoa; izan ere, helburu horrekin hazi zen proiektua Orbea eta Etxeondoren eskutik”. Era berean, bazkideak gogoratu ditu: “Gaurkoa egun pozgarria da proiektua osatzen dugun familiarentzat. Bereziki bazkideekin partekatu nahi dugu sentitzen dugun zirrara hau, haiek ematen baitiote zentzua gure egitasmoari. Jaso dugun babes hori itzultzea dagokigu orain, eta zein hobe errepideko lorpenekin bada”. Azkenik, Marea Laranjarentzat hitz batzuk izan ditu: “etapa bakoitzean borrokatzeko baldintzarik gabeko konpromisoa duzue, ez dugu txirrindularitza beste modu batera ulertzen eta horretarako, bide bazterretatik eta sare sozialetatik zuen animoak izatea espero dugu”.

 

Jorge Azanza, txirrindulari eta zuzendari

Euskaltel-Euskadik 2013 urtean parte-hartu zuen azkenekoz Espainiako Itzulian. Talde hartan Jorge Azanza zegoen, egungo zuzendaria. “Zorte handiko pertsona bat naiz. 2013an txirrindulari bezala parte hartu nuen. Eta orain, zortzi urteko etenaren ondoren, berriro ere bueltatzen naiz, baina oraingo honetan zuzendari bezala”.

 

Azanzak onartu du talde osoan eragin positiboa izango duela. “Guretzako erronka bat da talde onenekin lehiatzea, eta beste lasterketetarako atea zabaltzeko balio badu, primeran. Ea etapa berri baten hasieran gauden”. Baina ez du ahaztu nahi izan aukera erantzukizuna ere badela, “adinekoak direnean laranjaz janztea amesten duten txirrindulari gazteen belaunaldi osoarentzat erreferente izateko konpromisoa dugu, eta ez diegu huts egingo”.

 

Zalantzarik gabe, Euskaltel-Euskadirentzat Espainiako Itzulia hasi berri den denboraldiko mugarri garrantzitsuenetariko bat izango da. “Euskadi Fundazioak ildo beretik jarraituko du lanean, hurrengo helburuak lortzeko”.

 

 

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean