EUSKALTEL-EUSKADI TALDEAREN HURRENGO LASTERKETAK

Itzuli

2020/09/15

EUSKALTEL-EUSKADI TALDEAREN HURRENGO LASTERKETAK

Euskaltel-Euskadi Italian eta Portugalen lehiatuko da datozen egunetan.

Datozen egunetan Frantziako Tourreko etapa erabakigarriak jokatuko dira. Aldi berean, Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulariak Italian izango dira egun bateko iraupeneko lasterketen lehian: Irailaren 16an, asteazkenean, Toscanako Giroan; ostegunean, irailaren 17an, Sabatini Kopan eta, larunbatean, irailaren 19an, Apeninoko Giroan. 

Jorge Azanza kirol zuzendariak bi talde lehiakor egin dituela nabarmendu du; “Bi talde orekatu osatu ditugu. Italiara esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituen taldearekin joango gara, Bizkarra eta Iturria buru. Denboraldi bikaina osatzen ari diren gazteak izango dituzte bidelagun”. Hori horrela, Italian Joan Bou, Ibai Azurmendi, Gotzon Martin, Antonio Angulo, Jokin Aranburu, Mikel Iturria eta Mikel Bizkarra lehiatuko dira. “Maila handiko hiru klasiko dira. Agian, ondoen, larunbatekoa egokitzen da nire ezaugarrietara. Pasa den urtean laugarren egin nuen eta bertan izateko gogo handiak ditut. Gure maila ematea da asmoa, protagonista izan eta emaitza on bategatik borrokan ibili”, zehaztu du Mikel Bizkarrak.

Aldi berean, ordea, larunbatean, irailaren 19an, GP Torres Vedras-Troféu Juaquim Agostinho lasterketa hasiko da Portugalen, bi etapeko itzulia. “Portugaleko lasterketa begiz jota dugu”, adierazi du Azanzak. Ruben Fernandez, Garikoitz Bravo, Juan Jose Lobato, Julen Irizar, Unai Cuadrado, Iker Ballarín eta Mikel Alonsok osatutako taldea lehiatuko da bertan. “Sentsazioak onak dira, oso ondo entrenatzen ari gara. Ilusioz gainezka gaude eta lasterketa on bat egitea espero dugu”, azaldu du Ruben Fernandezek. 

Jorge Azanzak argi du, ordea; “nahiz eta denbora asko lehiatu gabe egon, baikorrak gara eta gauzak ondo egiteko gogo biziz gaude”.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean