Euskaltel-Euskadik astebeteko egonaldia egingo du Italian bi lasterketa korritzeko

Itzuli

2021/03/01

Euskaltel-Euskadik astebeteko egonaldia egingo du Italian bi lasterketa korritzeko

● Martxoaren 3an Trofeo Laigueglian parte-hartuko du, eta 7an, Gran Premio Industria e Artigianato klasikoan

● Jorge Azanzak zazpi txirrindulari eramango ditu eta talde laranjaren izaera lehiakorra erakustea izango da helburu nagusietakoa

Euskaltel-Euskadi dagoeneko Italian da. Bi lasterketa korrituko ditu astebetean, denboraldiko lehenengoak atzerrian. Lehenengoa asteazkenean, martxoak 3, Trofeo Laigueglia klasikoaren 58. edizioa. Bigarrena, berriz, igandean, hilak 7, Gran Premio Industria e Artigianato probaren 43. edizioa. Bietan World Tour mailako taldeak izango dira.

Euskaltel-Euskadik astebeteko egonaldia egingo du Italian. Denbora tarte horretan, Jorge Azanzaren mutilek bi lasterketa jokatuko dituzte, eta bidaiaren gainontzeko denbora konzentrazioa egiteko aprobetxatuko dute. Prestatzaile nafarrak zazpi txirrindulari hauek eramango ditu: Mikel Iturria, Mikel Aristi, Gotzon Martín, Txomin Juaristi, Antonio Angulo, Julen Irizar eta Unai Cuadrado.

Azanza berak aitortu duenez, zalantza handiak izan ditu zazpikoa osatzeko. “Txirrindulari guztiak lehiatzeko irrikaz daude, eta sasoiko. Ez da erabaki erraza izan, pedal kolpe bikainean dauden txirrindulariak etxean utzi behar izan ditudalako, baina nire ardura da halako erabakiak hartzea. Apiriletik aurrera lasterketa kopurua areagotu egingo da, eta aukerak biderkatu egingo dira. Txirrindulariek ondo dakiten bezala, guztiek izango dute lehiatzeko aukera”.

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek orain arte emandako mailari eusten ahaleginduko dira Italiako bi lasterketetan. Helburu horrekin bidaiatu dute Italiara Trofeo Laigueglia eta Gran Premio Industria e Artigianato klasikoetan parte-hartzera. Biak ala biak, 200 kilometrotik gorako lasterketak. Eta bietan, azken kilometroak zirkuitu batean kokatuta daude. Txirrindulariek, lau itzuli eman beharko dizkiote itzuliari helmuga puntua zeharkatu aurretik. Bi lasterketa hauetan, gainera, World Tour mailako taldeen parte-hartzea izango da.

Jorge Azanzaren hitzetan, “zirkuituan bukatzen direnak lasterketa bereziak dira, eta normalean, 15-20 txirrindulariko taldetxoak iristen dira helmugara. Lasterketa hauetara ondo moldatzen diren txirrindulariak eraman ditugu; iaz, esaterako, oso maila ona eman genuen ezaugarri bereko lasterketetan, eta asmoa errepikatzea da”. 

Emaitzak emaitza, taldearen helburua argia da. “Denboraldia hasi zenetik erakutsi dugun izaera lehiakorra berretsi nahi dugu. Italiara protagonistak izatera bidaiatu dugu; ez gara kikilduko eta gure asmoa gerra ematea da. Ez da lan erraza izango, baina helmugara iritsiko den taldetxo horretan norbait sartzen ahaleginduko gara, eta behin hor egonda, ez diogu ezeri uko egingo”. 

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean