Euskaltel-Euskadi Marton Dina eta Jordi Lopez txirrindulariekin sendotzen da

Itzuli

2024/10/23

Euskaltel-Euskadi Marton Dina eta Jordi Lopez txirrindulariekin sendotzen da

Biek bi denboraldirako sinatu dute, 2025erako eta 2026rako

Euskaltel-Euskadi taldeak Marton Dina (1996, Hungaria) eta Jordi Lopez (1998, Badalona) txirrindulariak baieztatzen ditu hurrengo bi denboraldietarako, 2025erako eta 2026rako. Euskal multzoa indartzen dute mendiko ibilbideetan eta klasikoetan, hurrenez hurren; izan ere, urratsak ematen ari diren ziklistak dira eta eskarmentua badute tropel profesionalean. Jon Agirre, Ander Ganzabal, Paul Hennequin, Jokin Murgialday eta Louis Sutton dira orain arte iragarritako beste fitxaketak.

Hain zuzen, 2018tik da profesionala Dina, eta maila gorenean lehiatu da Eolo-Kometarekin, esaterako, 2021ean Italiako Giroa lehiatuta. Azken denboraldi honetan, ATT Investments kontinental taldearekin nabarmendu da 1. eta .Pro itzulietan, hala nola, laugarren Hellaseko Tourrean, bederatzigarren Austriako Tourrean, 12. Czech Tourrean edo 13. Hungariako Tourrean. 1,86ko igotzailea da eta bere herrialdeko txirrindulari onenetako bat da, 2024ko errepideko txapelketan hirugarrena eta 2022an eta 2023an txapeldunordea. Era berean, ziklo-kroseko egungo herrialdeko txapelduna da.

Márton Dina: "Nire ametsa maila profesionalera itzultzea da, bereziki horrelako historia handia duen talde batekin. Haurra nintzenean, telebistan beti ikusten nituen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak garaipena lortzeko lehian. Urte horietan asko gustatzen zitzaidan talde hau, eta orain ezin dut itxaron talde laranja osoarekin lehiatzeko eta zale zoragarriak lagunduta euskal lasterketa batzuk korritzeko. Taldekide erabilgarria eta giltzarria izatea gustatuko litzaidake, eta, beti bezala, datorren urterako hobetzea gustatuko litzaidake. Zaila da esatea zer lor dezakedan munduko lasterketa garrantzitsuenetan, baina, uste dut, nire sasoirik onenean, txirrindulari onenekin lehiatu naitekeela sailkapen nagusietan.

Gaztetan, mendiko ibilbideak egiten genituen beti Budapest inguruko basoetan gurasoekin. Kirol guztiak egin nituen: futbola, saskibaloia, triatloia, etab. Baina mendiko bizikletarekin entrenatzen hasi nintzenean, ez nuen inoiz beste ezer egin nahi izan, bizikletarekin lehiatu besterik ez. 23 urtez azpiko azken urteak arte, mendiko txirrindularia nintzen eta garai horretan Hungariako txapeldun bilakatu nintzen ziklo-krosean baita mendiko bizikletan ere.

Errepideko txirrindularitzara urratsa eman ondoren, nire arrakastarik handiena Italiako Giroan parte hartzea izan zen ziurrenik, baina harro egon naiteke emaitza on batzuekin ere. Aurten, berriz, orain arteko nire denboraldirik onena izan da. Sendotasuna erakutsi dut denboraldi osoan. Igoera luzeak eta sailkapen nagusiak dira nire indarrak txirrindulari gisa, eta azkarra ere izan naiteke maldan gorako helmugetan". 

Jordi Lopezek, bere aldetik, bost denboraldi bete ditu Kern Pharma taldean, azken laurak elitean, eta 23 urtez azpikoen mailan euskal egutegian trebatu zen. Iaz, Taiwango Tourreko etapa bat irabazi eta bigarren amaitu zuen, zazpigarren izan zen Espainiako Txapelketan eta hamargarren Esloveniako Tourrean. Hala ere, ondoren, Guillén-Barré gaixotasuna jasan zuen eta tatamendu zorrotz bati aurre egin behar izan zion eta sendatze-aldi gogor bati aurre egin. Zorionez, 2024an zenbakia jarri zuen bizkarrean eta lehiakor agertu zen, laugarren Hainango Tourrean (2.Pro) adibidez .

Jordi Lopez: "Niretzat pozgarria da Euskaltel-Euskadik fitxatzea, hainbeste historia duen taldeak. Txikitatik mirestu nuen talde hau, gurasoekin lasterketak ikustera joaten nintzenean, eta profesionalak heroi gisa ikusten genituenean. Beraz, orain, hainbeste historia duen talde bateko taldekide izateak hunkitu egiten nau. Profesionaletan, pausoak eman ahal izan ditut eta tropelean nire lekua zein den jakin. Hazkundea ona izan da, eta espero dut goranzko joera horrekin jarraitzea eta taldearekin aurrera egitea. Helburua da nire kirol errendimendu gorena lortzea, daukadan maila gorena ateratzea eta emaitzetan islatzea hori dena, baita txirrindularitza profesionalaz gozatzen jarraitzea ere.

Nahiko txirrindulari balioaniztuna naizela uste dut, mendi ertainean onenekin egoteko gai naiz eta abiadura badut ere. Taldeari edozein motatako ekarpenak egitea gustatzen zait. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari, bikotekideari eta lagunei, beti ari baitira laguntzen gauzak ondo doazenean eta hain ondo ez doazenean".

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduraduna: "Márton igotzaile egiaztatua da, eta taldearekin lehiatu garen hainbat hitzordutan gure igotzaile onenen aurretik aritu da. Orduan, taldearen batez besteko mailak gora egingo duela uste dugu, eta gauza politak egiteko aukera duela, hala erakutsi duelako. Hungariako txirrindulari onenetakoa da, egutegi ona izan du, eta Giroa bezalako Handiren bat ere jokatu du. Horregatik guztiagatik, uste dut txirrindulari garrantzitsua izango dela taldearen barruan, batez ere, saio menditsuetan eta sailkapen nagusietan sendotasuna emateko.

Jordi, ordea, egun bateko txirrindularia da, osoa, amaiera ona du eta oso ondo igotzen du. Egun bateko lasterketetan eta itzuli batzuetan taldearen erreferentzia izatera deitua dago, Taiwanen egin zuen bezala; lasterketa horietan aukera politak izango ditu. Espero dezagun hemen pizgarri bat aurkitzea eta lasterketak lehitu ahal izatea, guk uste dugun bezala".

Euskaltel-Euskadi 2025 (17 txirrindulari): Jon Aberasturi, Jon Agirre (fitxaketa), Nicolás Alustiza, Xabier Berasategi (berritzea), Mikel Bizkarra (luzapena), Iker Bonillo, Víctor de la Parte, Márton Dina (fitxaketa), Ander Ganzabal (sartzea), Paul Hennequin (fitxaketa), Xabier Isasa, Jordi López (fitxaketa), Andoni López de Abetxuko (berritzea), Iker Mintegi, Jokin Murguialday (fitxaketa), Louis Sutton (fitxaketa) eta Unai Zubeldia.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean