2024/05/02
Euskaltel-Euskadi taldeak Morbihan eta Tro-Bro Leon klasikoak lehiatuko ditu
Euskaltel-Euskadi taldeak Frantziako egutegiko izen handiko bi klasiko lehiatuko ditu asteburuan: Grand Prix du Morbihan eta Tro-Bro Leon, biak 1.Pro mailakoak eta Frantziako Kopakoak, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.
Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi, Iker Bonillo, Xavier Cañellas, James Fouché, Iker Mintegi eta Xabier Isasa dira Pello Olaberriaren zuzendaritzapean bi probatan arituko diren zazpi txirrindulariak. Eurosportek zuzenean eskainiko ditu bi probak.
Pello Olaberria, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendaria: "Guretzat garrantzitsuak diren bi klasiko dira, maila handikoak. Morbihan Plumelec zirkuitu batean erabakitzen da, 15 igoera Caudobalera, eta, beraz, kanporatze lasterketa bat da. Gure aukerak Berasategi eta James izango dira. Uste dut lehen hamarren artean sailkatzeko dohainak dituztela, zaila dela jakinda. Iaz, De Liek irabazi zuen, eta ospe handiko lasterketa da.
Tro-Bro Leon denok ezagutzen dugu, ederra da, egutegiko ederrena niretzat, baina oso zaila da; zortea erabakigarria da eta espero dezagun gu errespetatzea. Berasategi eta James gure aukerak izango dira berriro; top10 bat eskatzea gehiegi izango da agian; lehen 20 sailkatuen artean egoteak asko esan nahi du lasterketa honetan.
Bi lasterketa zail dira, mailakoak, lehenengoa eskuragarriagoa da; igandekoa ez dakizu nola aterako zaizun: zulaketak, erorikoak... Gertakizun asko dira. Edonola ere, aurreko multzoan egoteko borrokatuko dugu Berasategi eta James taldekideekin asteburuko bi lasterketetan. Batez ere, gure onena ematea da helburua".
Morbihan Sari Nagusiak (1.Pro) 196,4 kilometroko ibilbidea du larunbatean (12:30) Josselin eta Plumelec artean, bi zirkuiturekin (bost itzuli 13,7 kilometrokoa eta zortzi itzuli 7,8 kilometrokoa) eta guztira 15 aldiz gainditu behar dituzte txirrindulariek Caudobal aldapa. Guztira, 19 taldek hartuko dute parte, WorldTourreko seik eta bederatzi ProTeam mailakoek.
Tro-Bro Léon (1.Pro) klasikoak, igandean (11:55), 29 lur atal ditu Le Carpont Plouguin eta Lannilis artean 203,6 kilometroetan. Hogei talde izando dira lehian, sei WorldTourrekoak eta hamar ProTeam mailakoak.