2023/10/01
Euskaltel-Euskadi taldeak lasterketa ederra bete du Frantziako Kopan
Euskaltel-Euskadi taldeak bere zigilua utzi du berriz ere Frantziako Kopan, oraingoan igandean ospatutako Vendéeko Tourrean (1.1), Enekoitz Azparrenekin eguneko ihesaldian eta Gotzon Martinekin hamargarren, eta Xabier Berasategirekin 14., garaipena lortzeko lehian.
Euskal taldeak maila eman du berriz ere denboraldi honetan Frantziako taldeek indarrak neurtzen dituzten goi mailako lehiaketa honetan. Mouilleron-Saint-Germain eta La Roche-sur-Yon arteko 207,1 kilometroetan, txirrindulari laranjek jarrera eta lehiarako gaitasuna erakutsi dute. Enekoitz Azparren lasterketako ihesaldian sartu da, beste hiru txirrindularirekin, harik eta aurkari bakarrarekin geratu eta 50 kilometro falta zirenean harrapatu duten arte, azken zirkuituetara sartu aurretik. Guztira, 120 kilometroko lasterketa buruan eman du gipuzkoarrak.
Arkéa-Samsic, Groupama-FDJ, Cofidis eta Total Energies taldeak lasterketa buruan izateko lehiatu dira eta Euskaltel-Euskadik lau txirrindulari zituen. Erritmoa altua zen azken zirkuituan, bihurgunetsua, eta Andoni López de Abetxukok eroriko bat ezin izan du ekidin lau kilometroren faltan, zorionez ondorio fisikorik gabe.
Gotzon Martinek eta Berasategik, aldiz, 20 gizoneko talde hautatuan jarraitu dute. Azken kilometroan, esprinterren taldeek erritmoa bizitu dute eta burua hatsi dute. Hala eta guztiz ere, Gotzon Martinek hamargarren postua bereganatu du, txirrindularitza profesionalari agur esan dion Peter Saganen atzetik, eta Berasategi 14. helmugaratu da. Arnaud Démare (ARK) izan da azkarrena Penhoët (GFC), Dujardin (TEN), Coquard (COF) eta Venturiniren (ACT) aurretik.
Pello Olaberria, Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendaria: "Laburpena positiboa da. Lasterketa gogorra egin da, 30. kilometroan Enekoitzek ihes egin du beste hirurekin. Gune zail batean, beste txirrindulari batekin bakarrik geratu da. Eta 60ko taldean Cuadrado, Abetxuko, Gotzon eta Berasategi geratu dira. Azken zirkuituan, oso bihurria, erorikoa izan da eta Abetxuko harrapatu du. Gotzon eta Berasategi geratu dira buruan, baina Xabierrek ezbehar bat izan du lasterketaren erdian, sartzeko ahalegin handia egin behar izan du, eta arranpekin amaitu du. Gotzonen hamargarren postua goraipatzeko da probaren izenak kontuan hartuta. Errendimendua ona izan da eta taldearekin pozik nago".
Enekoitz Azparren, Xabier Mikel Azparren, Xabier Berasategi, Unai Cuadrado, Peio Goikoetxea, Andoni López de Abetxuko eta Gotzon Martín izan dira lehian egon diren zazpi txirrindulariak eta denboraldiko azken bi lasterketetan errepikatuko dute: Binche-Chimay-Binche (1.1, Belgika), urriaren 3an, asteartean, eta Paris-Bourges (1.1, Frantzia), urriaren 5ean, ostegunean.