Euskaltel Euskadik Valentziako Sari Nagusia Klasikoan hasiko du errepideko denboraldia

Itzuli

2021/01/21

Euskaltel Euskadik Valentziako Sari Nagusia Klasikoan hasiko du errepideko denboraldia

 

  • Lasterketa igandean jokatuko da, urtarrilaren 24an, eta txirrindulariek 145 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute
  • Aurreikusten den bezala esprintean amaitzen bada, Juanjo Lobato eta Mikel Aristi izango dira Euskaltel Euskadiko talde-buruak
  • Laboral Kutxa harrobiko taldeko Unai Iribarrek eta Xabier Isasak ere parte-hartuko dute lasterketan, biak ala biak 23 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin

 

Euskadi Fundazioko txirrindulariek igandean, urtarrilak 24, hasiko dute errepideko denboraldia. Valentzian korrituko dute estreinakoa, Valentziako Sari Nagusia Klasikoaren 52. edizioan. World Tour mailako talderik ez da izango bertan, baina Pro Team mailako txirrindulari onenak bai. Guztira, 140 txirrindulari 20 taldetan banatuta. Tartean, Euskaltel Euskadiko zazpi txirrindulari eta Laboral Kutxako bi.

 

2021 urteko errepideko denboraldia igandean hasiko da, Valentziako Sari Nagusia Klasikoarekin. Euskadi Fundazioa bertan izango da, Euskaltel Euskadirekin. Talde laranjak bigarren urtez ekingo dio UCI Pro Team mailari, eta txirrindularitzako bigarren kategoria indartsuenean lehiatuko da.  Lasterketa eguerdiko 12:30ean hasiko da La Nucian, eta Valentzian amaituko da, 16:00k aldera. Lasterketan parte-hartuko duten 140 txirrindulariek 145 kilometroko ibilbidea bete beharko dute.

 

Jorge Azanza Euskaltel Euskadiko zuzendariak hautatu duen zazpikoan Juanjo Lobato eta Mikel Aristi sartu ditu, esprintean ongi moldatzen diren bi txirrindulari. Antonio Angulok, Antonio Jesús Sotok, Joan Bouk, Julen Irizarrek eta Mikel Alonsok osatzen dute zazpikoa. Guztiak maila onean daudela erakutsi dute, eta lasterketa hasieran adi egon beharko dute, litekeena baita lehenengo kilometroetan ihesaldia sortzea, eta bertan egotea ezinbestekoa da.

 

Lasterketa hasi eta 25 kilometrora eguneko mendaterik gogorrenari aurre egin beharko diote txirrindulariek, bigarren mailako Rates mendatea. 14,2 kilometro luze ditu, 628 metroko desnibelarekin. Etaparen ezaugarriak ikusita, Jorge Azanzak oso mugituak aurreikusten ditu lehenengo kilometro horiek. “Ihesaldiak sortzeko aproposa da hasiera, are gehiago World Tour mailako talderik gabe. Haiek dira etapak kontrolatzen dituztenak, eta asko antzematen da haien hutsunea. Talde indartsuak ez daudenean, lasterketak eroagoak dira, eta protagonismoa biderkatu egiten da gurea bezalako taldeentzat”.

 

Prestatzaileak oso argi du lasterketa estrategia. “Hasierako ihesaldian egin behar dugu. Ezinbestekoa da, sartzen ez bagara lasterketaren zama eraman beharko dugulako. Edozein kasutan, lasterketa esprintean amaituko dela uste dut. Eta gure lana ondo betetzen badugu, aukerak izango ditugu Juanjo Lobato eta Mikel Aristirekin”.

 

World Tour mailako talderik gabe lasterketa irekia izango da, “baina horrek ez du esan nahi maila oneko txirrindulariak faltako direnik”, nabarmendu du Azanzak. Urteko lehen lasterketa da, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa dela deritzo. “Entrenamenduetan emandako maila lasterketan berretsi behar da, eta horrek beti sortzen ditu kezkak. Gure txirrindulariak ondo moldatzea espero dut”.

 

Mikel Aristik ere gauza berari erreparatu dio. “Igandekoak nire lehen lasterketa gogorarazten dit. Iaz apenas lehiatu genuen, eta egoera horrek berezia egiten du Valentziakoa; ni behintzat gogoz eta ilusioz nago. 2020a ahazteko moduko izan zen, eta 2019ko maila emateko irrikaz nago”.

 

Bergarakoa oso gustura dago aurredenboraldian egindako lanarekin, eta “maila handiko” tropela aurkituko duela jakin arren, badaki bere ezaugarrietara egokitzen diren lasterketetan ezin duela hutsik egin, “halakoetan nire maila eman behar dut, eta igandekoa nire ezaugarrietara egokitzen den lasterketa da”, amaitu du.

 

Iribar eta Isasa, selekzioarekin

Euskaltel Euskadiko txirrindulariak ez dira Euskadi Fundazioko ordezkari bakarrak izango Valentziako Sari Nagusia Klasikoan, Unai Iribar eta Xabier Isasa harrobiko txirrindulariak 23 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin parte-hartuko baitute. Laboral Kutxa harrobiko taldeko txirrindularien maila bikainaren adierazgarri da Iribar eta Isasa selekzioarekin aritzea, Euskadi Fundazioak harrobiarekin egiten duen lana berresten duen deialdia.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean