EUSKALTEL, EUSKADI FUNDAZIOKO BABESLE NAGUSIA

Itzuli

2020/02/27

EUSKALTEL, EUSKADI FUNDAZIOKO BABESLE NAGUSIA

Euskaltelek eta Euskadi Fundazioak lankidetza-hitzarmena itxi dute, euskal taldeak munduko txirrindularitzako elitean lortutako arrakastak berritu nahian. Telekomunikazioetako euskal taldeak proiektuarekin bat egin du babesle nagusi moduan, eta talde profesionalari emango dio izena etapa berri honetan.

Mikel Landa txirrindulari eta Euskadi Fundazioko presidentea pozarren dago “irauteko asmoz” sortu den hitzarmen “historikoagatik”. 

Landaren esanetan, “gure helburua hazten jarraitzea denez, Euskaltelen babesak bultzada handia emango digu”. Txirrindulari arabarra ilusioz beteta dago aurrerapauso hori dela eta. “Taldea egon behar den lekura eraman nahi dugu berriro. Euskaltelekin garatuko dugun lankidetza eta UCI ProTeam kategoriara emandako jauzia bide horretatik doaz”. 

Bestetik, Xabier Iturbek, Euskalteleko presidenteak, nabarmendu duenez, “Euskaltelek txirrindularitzarekin duen harremana eta Euskadi Fundazioa historia arrakastatsua izan dira. Batasun handi hori berregin nahi dugu, zaletu guztien artean sortu zuen ilusioa berreskuratzeko. Sentipen eta balio berberak ditugu. Talde hau bakarra da, herrialde osoaren ordezkaria da eta berriro parte hartu nahi dugu bertan”. Iturberen esanetan, jakin badaki lankidetza honek euskal txirrindularitzako proiektu handia indartzen lagunduko duela, eta, azpimarratu duenez, “Mikel Landak zuzendutako proiektu berriak konfiantza handia ematen digu, lan handia egiten ari delako”.

Babes berri hau lasterketan bertan aurkeztuko da apirilaren 6tik 11ra egingo den hurrengo Itzulian.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean