Joane Somarriba, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen enbaxadorea

Itzuli

2023/06/08

Joane Somarriba, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen enbaxadorea

  • 2023an eta 2024an taldearen egituran jardungo du, aholkulari gisa, bere esperientzia eta balioak eskainiz
  • Joane Somarriba: «Pozgarria da LABORAL Kutxak emakumezkoen ziklismoaren alde epe luzera egindako apustua»
  • Aitor Galdos, manager nagusia: «Ordezkatu duen eta ordezkatzen duen guztia lagungarri izango zaigu talde eta proiektu gisa hazteko»

 

Joane Somarriba izango da LABORAL Kutxa - Euskadi Fundazioa emakumezkoen txirrindularitza-taldearen enbaxadore berria 2023an eta 2024an. Euskal txirrindulari ohiak hiru aldiz irabazi du Frantziako Tourra, bi aldiz Italiako Giroa eta behin Munduko Txapelketa. Taldearen egituran arituko da, bere esperientzia eta balioak eskainiz, emakumezkoen taldea haz dadin eta txirrindularitzaren elitean lehia dadin.

Somarriba (1972, Gatika) LABORAL Kutxa taldearekin izan da maiatzean Emakumezkoen Vueltan, Emakumezkoen Itzulian eta Durangoko klasikoan. Hemendik aurrera, taldearen enbaxadorea izango da kirolaren, sustapenaren eta merkataritzaren arloetan. Zehazki, kirol-organigramaren staffean jardungo du, kirol-arduradun nagusia izaten jarraituko duen Ion Lazkanoren aholkulari gisa, eta bere esperientzia, balioak eta ezagutzak partekatuko ditu taldearekin eta txirrindulariekin.

Iaz, LABORAL Kutxak 6 urtez luzatu zuen (2029ra arte) Euskadi Fundazioaren emakumezkoen taldearekin eta talde amateurrarekin duen konpromisoa, datozen denboraldietan hazkunde kuantitatibo eta kualitatibo iraunkorra sustatzeko. Ion Galdos izango da emakumezkoen taldeko manager nagusia. Euskal taldea 2019an hasi zen emakumezkoen tropelean lehiatzen, eta 2021ean eman zuen lehen jauzia UCI Continentaleko taldea izateko. Horri esker, egutegiko lasterketarik ospetsuenetan jardun ahal izan du, gonbidatu gisa. Women's World Tourreko kategoria nagusia lortzea da helburua. Eta, 2023an, pausoak ematen jarraitu du helburu hori lortze aldera: Marta Romeuk garaipen historiko bat lortu zuen joan den ostiralean, Andaluziako Vueltako etapa batean. UCIko (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko) lehen garaipena izan da taldearentzat. Goi-mailako aste batzuen amaiera ezin hobea.

Balio inklusiboetan oinarritutako eredu profesionalizatuaren alde egiten duen proiektu integratzaile batean arituko da, beraz, Somarriba. Eredu horretan, LABORAL Kutxa taldeko kirolariak eredugarriak dira kirolean, arlo sozialean eta aukera-berdintasunean, bai eta palanka eraldatzaile bat ere gizartearentzat. Kirolaren ikuspegitik, hauxe da helburua: emakumezkoen txirrindularitzaren elitera iristea eta nazioarteko erreferentea izatea, emakumearen irudia indartuz eta harrobiko txirrindulari gazteei beren kirol-ametsak betetzeko aukera emanez.

Joane Somarriba: «Pozgarria da LABORAL Kutxak emakumezkoen ziklismoaren alde epe luzera egindako apustua. Deigarriak iruditu zaizkit, batez ere, txirrindularien atzean dagoen giza taldea eta LABORAL Kutxa - Euskadi Fundazioaren proiektua osatzen duten partaide guztien grina. Txirrindulariek profesionalak izateko aukera handia dute, baita bitarteko guztiak eta sekulako staffa ere ehuneko ehuna emateko. Ez dute ezer falta txirrindulari izateko. Den-denak laguntzen du hazten; horregatik, taldeak jauzia eman du azken asteotan, bilakaera izan du eta errendimendua hobetu du. Horrez gain, erreferente bat bihurtu da kategoria guztietako txirrindularientzat, kirol honetan diharduten edo jardun nahi duten guztientzat.

Etapa berri hau desberdina da ni lasterkari nintzenekoarekin alderatuta, denboraldi batez txirrindularitzatik urrun egon eta gero ikusten dudanez. Niretzat oso esperientzia atsegingarria da txirrindularitza hurbiletik ikustea berriro. Gogo handia dut ikasteko eta, aldi berean, ekarpena egiteko, txirrindulariekin enpatia handia baitut. Oso kirol zorrotza da, lan, sakrifizio eta ahalegin handiak eskatzen dituena. Badakit zer dagoen goi-mailan aritzen den txirrindulari profesional baten atzean, eta espero dut txirrindulari gisa dudan esperientzia partekatu ahal izatea. Niretzat oso garrantzitsua da aholkuak ematea, baina baita entzutea eta ulertzea ere. Batzuetan ahaztu egiten zaigu lehiaketan exijentzia dela nagusi, eta, beraz, garrantzizkoa da txirrindularien beharrak, zalantzak eta kezkak ezagutzea».

Aitor Galdos, LABORAL Kutxa - Euskadi Fundazioa taldeko manager nagusia: «Guretzat oso onuragarria da, jakina, Joane LABORAL Kutxa - Euskadi Fundazioaren proiektura lotu izana. Giroa, Tourra eta Mundiala irabazi dituen lasterkaria da, eta, beraz, esperientzia paregabea du; izan ere, horrelako palmaresa duen oso lasterkari gutxi dago txirrindularitza profesionala nola bizi izan duen azaltzeko moduan. Emakumezkoen txirrindularitzaren erreferente bat izan da, eta oraindik ere bada. Haren esperientzia eta laguntza izatea garrantzi handikoa da txirrindularientzat eta talde teknikoarentzat. Zalantzarik gabe, ordezkatu duen eta ordezkatzen duen guztia lagungarri izango zaigu talde eta proiektu gisa hazteko. Taldean sartu izana harri bat gehiago da proiektu hau eraikitzeko eta, pausoz pauso, ezarri ditugun helburu handinahiak lortzeko: munduko elitera iristea eta kirolean, arlo sozialean eta aukera-berdintasunean erreferente bat izatea».

Joane Somarriba 1999 eta 2006 bitartean izan zen txirrindulari profesionala, eta haren palmaresak garbi uzten du munduko garai guztietako emakumezko txirrindularirik onenetakoa dela. Hauxe da: Grande Boucle delakoa (Emakumezkoen Tourra) 3 aldiz irabazi zuen (2000n, 2001ean eta 2003an) eta hirugarrena izan zen 2002an; Italiako Giroa 2 aldiz irabazi zuen (1999an eta 2000n), bigarrena izan zen 2005ean eta hirugarrena 2003an; munduko erlojupeko txapelduna izan zen 2003an eta bigarrena 2005ean; munduko lineako txapelketan hirugarrena izan zen 2002an; Emakumeen Bira irabazi zuen 2004an; Durango-Durango Emakumeen Saria hiru aldiz jarraian irabazi zuen; Sydneyko 2000ko Joko Olinpikoetan bosgarrena izan zen (banakako erlojupekoan), eta Atenasko 2004koetan zazpigarrena (linean eta banakako erlojupekoan). Hauek izan dira haren taldeak: Alfa-Lum (1999-2001), Pragma-Deia-Colnago (2002) eta Bizkaia-Durango/Bizkaia-Panda (2003-2006). Garaipen horiek direla eta, kirolari batek eskura ditzakeen aintzatespenik handienak lortu ditu: Kirol Kontseilu Gorenak emandako Kirol Merezimenduaren Errege Ordenaren Urrezko Domina (2001), Sofia Erregina Saria (2003) eta Espainiako kirolaririk onena (2003).

Gainerako garaipenak errepidetik kanpo lortu ditu. Hernia diskal baten konplikazio larriak gainditzea lortu zuen 1991n eta 1992an; ondoren, erabateko apustua egin zuen eta Italiara joan zen, txirrindulari profesionala izateko ametsa betetzearren. Txirrindulari-karrera amaitutakoan, hiru seme-alaba izan zituen, Ramontxu González Arrieta senarrarekin: Markel (16 urte, lehen urteko gazte-kategoriakoa), Oinatz (14 urte, kadetea) eta Regina (12 urte, haurren kategoriakoa). Hiruak ere lehen urratsak ematen hasiak dira, Mungiako Valentín Uriona Txirrindulari Elkartean. Bai kirol-bizitzan bai bizitza pertsonalean, bere balioek nabarmendu dute Joane Somarriba: hobetzeko grinak, erresilientziak, sufrimenduak, kemenak, ausardiak… Balio horiek LABORAL Kutxa - Euskadi Fundazioa taldeko txirrindulari gazteei helaraziko dizkie orain, bere bizitzako kapitulu berri honetan.

LABORAL Kutxa 2023: Naia Amondarain, Mireia Arriazu, Ariana Gilabert, Yurani Blanco, Tania Calvo, Idoia Eraso, Lija Laizane, Eider Merino, Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Laura Rodríguez, Marta Romeu, Debora Silvestri, Alba Teruel, Aileen Schweikart, Mireia Trías eta Eneritz Vadillo.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean