LABORAL Kutxa taldea, "laburpen positiboa" Giroaren lehen erdian

Itzuli

2024/07/10

LABORAL Kutxa taldea, "laburpen positiboa" Giroaren lehen erdian

Debora Silvestri 14. da eta Usoa Ostolaza 21. sailkapen nagusian

LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea onenetatik gertu azaldu da Italiako Giroaren lehen zatiaren ostean, Debora Silvestrik 14.a eta Usoa Ostolazak 21. postuak eskuratuta sailkapen nagusian.

Silvestrik eta Ostolazak sasoi ona erakutsi dute azken bi etapetan, lehenengo 25en artean bi txirrindulari moreak bigarren mailako mendate batean amaituta saioa, asteartean, eta maldan gora, asteazkenean. Lehen lau etapa hauetan izan duten erregulartasunari esker, italiarra 14.a da 2:27ra eta euskalduna 21.a, 3:57ra. Ane Santesteban, 45.a, ez da bere hankarik onenak aurkitzen ari eta orain taldekideak laguntzen saiatuko da gipuzkoarra.

Taldeka, LABORAL Kutxak zortzigarren postuari eutsi dio, onena Kontinental mailan; guztira, 22 taldek hartzen dute parte, WorldTour mailako 15ek tartean.  Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Ane Santesteban, Aileen Schweikart, Debora Silvestri, Laura Tomasi eta Cristina Tonetti dira Italiako itzulian lehiatzen ari diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxea zuzendarien aginduetara.

Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduraduna: "Giroaren lehen erdiaren laburpena positiboa da, izan ere, gure lehen aldia da-eta. Etapa gogorrenak falta dira eta sailkapen nagusiari begira aldaketa garrantzitsuak egon daitezke. Deborak eta Usoak indarra erakutsi dute eta lehenengo 20en artean mugitzeko gai direla. Haiekin egunez egun joango gara, baina biekin lehenengo 15en artean sailkatzea da asmoa. Etapa gogorrenak falta dira, batez ere ostirala, larunbata eta igandea, eta orduan ikusiko dugu noraino iristeko aukera dugun.

Gaur etapa oso azkar hasi da ihesaldi bat sortu den arte. Bigarren zatian, gogorragoa, erritmoa bizitu egin da eta tropela argaldu da, Ane, Usoa eta Debora tropel nagusi horretan. Anek oso lan garrantzitsua egin du, bere bi taldekideei laguntzen, eta Debora eta Usoa multzo nagusian sartu ahal izan dira".

Usoa Ostolaza: "Giroaren erdia eginda. Bero handiko egunak dira, eta, egia esan, atzo baino sentsazio hobeak izan ditut gaur. Beraz, hobera egitea eta horrela jarraitzea espero dut, gogorrena etortzeko dago-eta. Itxaropen hori dut, sailkapen orokorrean postu batzuk aurreratzea hurrengo egunetan. Gainera, Debora oso ondo egiten ari da sailkapen nagusian. Eta taldeak lan handia egin du gaur, azken igoerara hurbiltzen eta aurrez aurre jartzen, urarekin laguntzen, etab. Oso pozik nago".

Txirrindulari azkarrenek aukera izango dute osteguneko bosgarren etapan. Ostiraleko etapa bihurri baten ondoren, Blockhauseko helmugak, larunbatean, erabakiko du lasterketa; Passo Larciano bi aldiz igo beharko dute txirrindulariek, 11,3 km % 8,5ean lehenengoa, eta 16,5 km % 7,9an bigarrena helmugaraino. Azken eguna ere gogorra da, Castel del Monte (13,7 km % 4,7an) mendatearekin ibilbidearen erdian. Etapa guztiak arratsaldeko ordu bi eta erdiak inguruan amaituko dira eta Eurosport/Max telebista kateak zuzenean eskainiko ditu azken kilometroak.

Hurrengo etapak:

  • Uztailak 11, osteguna. 5. etapa: Frontone - Foligno, 108 km. Irteera: 11:40 / Helmuga: 14: 22-14:40
  • Uztailak 12, ostirala. 6. etapa: San Benedetto del Tronto - Chieti, 155 km. Irteera: 10:05 / Helmuga: 14: 13-14:46
  • Uztailak 13, larunbata. 7. etapa: Lanciano - Blockhaus, 123 km. Irteera: 10:30 / Helmuga: 14: 12-14:50
  • Uztailak 14, igandea. 8. etapa: Pescara - L 'Aquila, 109 km. Irteera: 11:00/ Helmuga: 14: 13-14:42

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean