2023/09/17
LABORAL Kutxa taldeak aste ona burutu du Frantzian
LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak lasterketa ziklo bikaina burutu du Grand Prix International d 'Isbergues klasikoan, Nadia Quagliotto bosgarren eta Alba Teruel zortzigarren sailkatuta.
Taldeak asteko dinamika onari eutsi dio igandean GP International d 'Isbergues klasikoan (1.2, Frantzia), 133,3 kilometrokoa eta 29 taldek parte hartuta. Oso adi, Teruelek lehen ihesaldian sartu da, baina ez dute alderik lortu; Quagliottok, berriz, tartea ireki du mailako beste bost txirrindularirekin 40 kilometroren faltan, Wiel eta Grossetete (FDJ), Fortin eta Berteau (Cofidis) eta Boilard (St Michel) aurkariekin hain zuzen ere. Seiek garaipena lehiatu dute helmugan, italiarra bosgarrena izanik, eta Teruelek bigarren postua eskuratu du tropelean, zortzigarren sailkapenean. Fortin nagusitu da.
Euskal taldea bikain aritu zen aste hasieran GP Wallonien (1.1, Belgika), Quagliotto bosgarren eta Usoa Ostolaza seigarren sailkaturik, biak garaipena jokatu zen multzoan. Idoia Erasok, bere aldetik, hamargarren postua lortu zuen Tour Semoisen (2.2, Belgika), maila ederra erakusten nafarra, lehen etapan 11. izan ondoren eta bigarrenean hamargarren, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.
Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduraduna: "Taldeak lasterketa ona egin du Isberguesen. Lasterketa erdian ihesaldi bat egon da eta Alba bederatzikoan zen, baina tropelak harrapatu ditu. Eta 40 kilometro falta zirenean Nadia ihesaldi batean sartu da beste bost txirrindularirekin, bi FDJ, bi Cofidis eta St Michel bat, eta helmugaraino, UAE eta Arkéa atzetik saiatu diren arren. Esprintean, Nadia bosgarren izan da eta tropeleko esprintean Alba bigarren. Bosgarren eta zortzigarren postuak, UCI puntu gehiago batzen, helburua beteta, beraz. Astea benetan ona izan da, espero genuen maila ematen eta nazioarte mailan denboraldiko goranzko joera baieztatzen".
Hurrengo bi lasterketak, eta denboraldiko azkenak, Italian izango dira, Giro Emilia Donne (1.Pro), irailaren 30ean, eta Tre Valli Varesine Women (1.1), urriaren 3an. Aurretik, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo, 23 urtez azpikoetan, eta Usoa Ostolaza eta Alba Teruel, elitean, errepideko Europako Txapelketan arituko dira Herbehereetako Drenthe probintzian, irailaren 20tik 24ra.