Fitxaketa: Luis Angel Maté laranjaz jantziko da datozen bi denboraldietan

Itzuli

2020/11/02

Fitxaketa: Luis Angel Maté laranjaz jantziko da datozen bi denboraldietan

Hasi gara datorren denboraldiko taldea egituratzen. Xabier Mikel Azparren Laboral Kutxa harrobiko taldetik lehen taldera igoko dela iragarri genuen lehendabizi; eta orain, bigarren fitxaketa iragarri dugu, Cofidis taldetik iritsiko den Luis Ángel Maté Mardones Marbellako txirrindulariarena. 36 urtekoa, 2011 urteaz geroztik Frantziako taldean aritu da. Profesional mailako debuta, berriz, 2008an egin zuen Andalucía-Cajasur taldearekin. Ibilbide oparo honetan bi garaipen erdietsi ditu: lehenengoa San Luiseko Tourrean (2010), eta bigarrengoa, Ruta del Sol-en (2011). 

Euskaltel-Euskadik eskarmentu handiko txirrindularia fitxatu du. Momentu honetan Espainiako Itzulian parte hartzen ari da, bere ibilbidean egingo duen bederatzigarrena; Frantziako sei Tour ere lehiatu ditu; eta Munduko Txapelketa batean ere aritu da. Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko zuzendariak horixe bera azpimarratu du, hamahiru urteko ibilbide oparoa. Eta ez du zalantzan jarri taldeari emango dion eskarmentua.

"Oso ondo etorriko zaio taldeari, ziur naiz”, adierazi du fitxaketaren berri eman bezain pronto. “Aldamenean dutela, taldeko txirrindulari gazteek -jarraitu du- non ikasia izango dute; bere ibilbidea erreparatu besterik ez dago, eredugarria du, maila handiko lasterketetan garaipen eta guzti. Taldearen lehiakortasun maila igoko du, eta 36 urte izan arren, ez dut zalantzarik egitasmoaren hazkundean bere hondar alea jarriko duela”.

Marbellako txirrindulariak, bere aldetik, esker oneko hitzak izan ditu eta bere ibilbideko etapa berriari “ilusio handiz” ekingo diola adierazi du. Bere lehenengo adierazpenetan, “oinarri sendoko egitasmotzat” definitu du Euskaltel-Euskadi, “nire izaerarekin bat” datorren egitasmoa, “oso identifikatuta sentitzen naiz”.

Denboraldia hasteko irrikaz dagoela nabarmendu du. “Fundazioa bezalako egitasmo bateko partaide izatea ohore handia da: bere historiagatik, ordezkatzen duenagatik, marea laranjagatik… Niri ibilbide profesionalean ikasitako guztia taldearen zerbitzura jartzera nator, baina aldi berean, taldekide gazteengandik ikastera ere bai”.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean