2023/06/15
Mikel Bizkarra eta Joan Bou (Euskaltel-Euskadi), erorikoak Occitanien
Euskaltel-Euskadi taldeko Mikel Bizkarra eta Joan Bou La Route d'Occitanie (2.1, Frantzia) itzulia utzi behar izan dute lehen etapan izandako erorikoen ondorioz, femurraren burua hautsita eta buruko traumatismoa, hurrenez hurren.
Bizkarra multzoko eroriko batek harrapatu du etaparen bigarren zatian (120. km) eta ospitalera eraman dute minduta. Bertan, azterketa medikoek eskuin hankako femurraren buruaren haustura baieztatu dute. Txirrindulari bizkaitarra, taldeko masajista batekin batera, etxera itzuliko da ostegunetan, eta ostiralean ebakuntza egingo dio Gasteizko Vithas Ospitalean Nicolas Fiz Sánchez doktoreak, kirurgia ortopedikoan eta traumatologian adituak.
Bouk, berriz, eroriko gogorra izan du lasterketa buruan, amaierarako 3,5 kilometroren faltan eta abiadura handian. Zorionez, konortea berreskuratu du eta anbulantzian ospitalera eraman dute, Pello Olaberria kirol-zuzendariak lagunduta. Zehazki, buruko traumatismoa du eta zazpi puntu jaso ditu aurpegian eta buruan. Valentziarrari alta medikoa baieztatu diote eta talde laranjaren hotelean atseden hartuko du.
Peio Goikoetxeak ere lasterketa utzi du. Enekoitz Azparren, Ibai Azurmendi, Unai Cuadrado eta Asier Etxeberria, berriz, bigarren etapari ekingo diote ostiralean.
Beste multzo bat, Xabier Mikel Azparren, Carlos Canal, Unai Iribar, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Andoni López de Abetxuko eta Gotzon Martín, Esloveniako Tourrean lehiatuko da (2.Pro). Carlos Canal hamargarren izan zen lehen etapan asteazkenean eta Gotzon Martin 19. izan da bigarrenean ostegunean.