2024/09/03
Espainiako Vuelta: Mikel Bizkarra eta Txomin Juaristi, indar laranja
Mikel Bizkarra (Euskaltel-Euskadi) Espainiako Vueltako onenetatik gertu izan da berriz ere, 16. etapan, 181,5 kilometro Luancotik Lagos de Covadonga mendatera.
Talde laranja ezin izan da 16 txirrindulariko ihesaldian sartu. Fito (1., 77,1 km) eta Collada Llomena (1., 125 km) mendateek tropela aukeratu dute eta Bizkarra bikain batek faboritoen taldeari heldu dio. Covadongako (Berezia) azken igoeran, Bizkarrak amore eman du eta 31. helmugaratu da. Marc Solerrek (UAD) burutu du ihesaldia eta Ben O 'Connorrek (DAT) eutsi dio lidergoari sei segundogatik. Sailkapen nagusi horretan, Bizkarrak gora egiten jarraitzen du eta 27. postuan dago.
Eguneko sufrimendua Txomin Juaristirentzat izan da, irteeratik gaixorik gau txar baten ondorioz, eta bakarkadean egin du etapako bigarren erdia; eguna gainditu du azkenean, hurrengo egunei aurre egiten saiatzeko.
Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduraduna: "Laburpena ona da, ihesaldian egoteko gaitasunik izan ez dugun arren, irteerako erritmo bizia ela-eta. Bizkarrak, behintzat, faboritoen taldean azaltzen da, eta nabarmentzeko modukoa da hori. Datozen egunetan Berasategi edo Gotzon taldekideekin emaitza on bat lortzea espero dugu. Txominek, bere aldetik, gau txarra igaro du eta asko sufritu du etapan zehar, ia 100 kilometro bakarrik beteta".
Asteazkenean 17. etapa jokatuko da, Arnuero-Santander, 141,5 kilometro, Estrangulada (2.a, 54,8 km), 5,5 km % 8,7ra, eta Caracol (2.a, 70,4), 7,2 km % 6,2ra, mendateekin tartean.
Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Gotzon Martín eta Luis Ángel Maté -Jon Aberasturik seigarren etapan utzi zuen lasterketa- dira 2024ko Vueltan lehian jarraitzen duten zazpi txirrindulariak, Jorge Azanza eta Pello Olaberriaren kirol zuzendaritzapean.
Hurrengo etapak:
- Irailak 4, asteazkena. 17. etapa: Arnuero - Santander, 141,5 km. Irteera: 14:18 / Helmuga: 17:22-17:40
- Irailak 5, osteguna. 18. etapa: Gasteiz - Maeztu (Izki), 179,5 km. Irteera: 13:20 / Helmuga: 17:19-17:42
- Irailak 6, ostirala. 19. etapa: Logroño - Alto Moncalvillo, 173,5 km. Irteera: 13:29 / Helmuga: 17:19-17:42
- Irailak 7, larunbata. 20. etapa: Villarcayo - Picón Blanco, 172 km. Irteera: 13:06 / Helmuga: 17:17-17:44
- Irailak 8, igandea. 21. etapa: Madril - Madril, 24,6 km erlojupekoa. Irteera: 16:20 / Helmuga: 19:30