ZENTIMETRO GUTXIGATIK JOAN DA GARAIPENA URTEKO LEHEN LASTERKETAN

Itzuli

2021/01/24

ZENTIMETRO GUTXIGATIK JOAN DA GARAIPENA URTEKO LEHEN LASTERKETAN

 
  • Mikel Aristi bigarren izan da garailearengandik zentimetro gutxira
  • Taldeko hiru txirrindulari lehen hamarren artean iritsi dira
  • Laboral Kutxako 23 urtez azpiko bi txirrindulariek maila bikaina erakutsi dute

"Helmuga zeharkatu dudanean, irabazi egin dudala pentsatu dut" dio Mikel Aristik urteko lehen lasterketa Valentzian amaitu bezain laster.

Lasterketa eguerdiko 12:30ean hasi da La Nuciatik eta ihesaldi saiakera ugari izan dira lehen kilometrotik. Coll de Rates mendatean Unai Iribar gaztea saiatzen ikusi dugu, helduagoekin lehiatzeko maila duela erakutsiz. Dena den, tropeleko taldeek ez dute ihesaldiak abantaila gehiegi hartzeko aukerarik utzi eta dena azken esprintean konpondu da.

Jorge Azanzak lasterketaren atarikoan aurreratu zuen bezala, Juanjo Lobato eta Mikel Aristi ziren gaurko aukerak. Taldeak lan handia egin du lasterketako azken kilometroetan, eta laranjazko gizonek gidatu dute taldea azken metroetan. Aristik taldekideen lana goraipatu nahi izan du: "Julen Irizarrek asko lagundu dit azkenean ondo kokatuta iristeko, eta gero 'Chava' Angulok eraman nau azken metroetan. Angulori esan diot gastatzeko zeukan energia guztia, eta nik jaurtiko nuela esprinta berak gehiago ezin zuenean".

Nahiz eta egungo indartsuenetakoa izan, Bergarakoa zapore gazi-gozoarekin joan da autobusera: "Esprinta jaurtitzen lehena izan naiz eta nire akatsa eskuinean hutsune gehiegi uztea izan da. Behin aurkaria nire eskuinean ikusi dudanean, ez zen ixteko garaia, beraz, hortzak estutu eta aurrera jarraitzea besterik ez dut egin". Epaileek irudiak aztertu behar izan dituzte hainbat minutuz irabazlea nor zen argitzeko, "biok irabazi dugula pentsatu dugu", adierazi du Aristik.

Mikelen bigarren postuaz gain, taldekako sailkapena eskuratu du taldeak hiru txirrindulari eguneko lehen hamarren artean sartzeari esker. "Zazpiek maila bikaina erakutsi dute eta oso ondo aritu dira azken kilometroetan", adierazi du Azanzak.

Unai Iribar eta Xabier Isasa onenen artean
Laboral Kutxako txirrindulariak ihesaldietan sartzen saiatu dira une oro. Izan ere, Unai Iribar bakarrik ikusi ahal izan dugu Coll de Ratesen, lasterketa buruko bi gizonak harrapatu nahian. Azkenean, Unai 34º izan da eta Xabier 43º.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean