2024/10/30
Txomin Juaristi eta Gotzon Martin, bi urte gehiago Euskaltel-Euskadirekin
Euskaltel-Euskadi taldeak baieztatzen ditu Txomin Juaristiren (1995, Markina-Xemein, Bizkaia) eta Gotzon Martinen (1996, Orozko, Bizkaia) berritzeak. Harrobiko bi txirrindulariek 2018tik daude egituran, Euskadi Fundazioak bere talde profesionala berrabiarazi zuenetik. Bizkaitarrek bi denboraldirako sinatu dute, 2025erako eta 2026rako.
Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduraduna: "Taldearen zutabeetako bi dira, izan ere, Fundazioa profesionaletan berriro hasi zenetik dira taldean, eta Gotzon lehenago. Horregatik, errepide-buruak izatea eta erantzukizuna emaitzekin hartzea eskatu diet, baina baita gazteei eta berriei irakastea ere. Eskarmentuko txirrindulariak dira jada, unea iritsi zaie. Ziur aski, aurten ez dute denboraldirik onena izan, baina espero dut haiek konturatzea gauzak ondo eginez hemen tokia dutela, maila duten bi txirrindulari direlako. Oso pozik gaude gurekin jarraitzen dutelako taldeari sendotasuna emateko".
Gotzonen txirrindularitza ibilbidea Euskadi Fundazioari lotuta dago erabat Gela Pedagogikoko eskoletatik, ondoren Ugaon kadete eta junior mailako urteak emateko. 2015etik 2017ra amateurra izan zen Euskadi-EDP Fundazioan, 2018an egitura profesionalera jauzi egin aurretik. Bere berritzearekin, hamarkada bat baino gehiago beteko du euskal txirrindularitzaren proiektuan. Zalantzarik gabe, taldeko erreferenteetako bat da, eta, izan ere, talde laranjak 2021ean, 2022an eta 2024an jokatu dituen Espainiako Vueltako hiru ekitaldiak lehiatu ditu.
Gotzon Martin: "Oso pozik nago taldean beste bi urtez jarraitzeagatik. Zazpigarren denboraldia izan dut profesionaletan, baina lehenago ere hiru urte egin nituen afizionatuetan Jorgerekin (Azanza). Beraz, pozik eta harro nago talde honetan jarrai dezakedalako atzean dituen historia eta zaleekin. Espero dezagun datorren urtea urte ona izatea. Gauzak ondo egiten saiatuko gara horrela izan dadin. Nire helburuak, oro har, erregularra izatea, urte ona egitea hasieratik amaierara, eta lasterketa bakoitzean lehiakorra izatea izango dira".
Juaristi, berriz, 2018tik da taldean, Baquen trebatu ondoren. 2022tik, urrats esanguratsuak eman ditu elitean. 2024an, Espainiako Vueltan egin zuen debuta, seigarren Baionan; bosgarren izan zen erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketan, brontzetik 20"-ra; eta bederatzigarren Burgosko Itzuliko erlojupekoan, 13. postuan sailkapen nagusian; eta bere izaera borrokalaria erakutsi zuen ihes eginda Indurain Sari Nagusian edo Fleche Valonan. Iaz, aurreneko garaipena erdietsi zuen Portugalgo Itzulian, bigarren sailkatuta.
Txomin Juaristi: "Pozik nago bi urteko berritzearekin. Izan ere, beste bi urtez txirrindularitzan eta etxeko taldean jarraitzeak ilusio berezia egiten dit. Baditugu profesional urte batzuk eta aldaketak aldaketa pentsatzen dut erreferente moduan izango garela urte batzuk taldean ditugunok. Bestetik, puntuak direla-eta moldatu beharko gara, datorren urtean lehenengo hogeita hamarretan sartzeko helburua izango dugulako. Gogotsu nago holako helburua izatea polita delako ere eta horren bila joango gara".
Guztira, lau txirrindulariek berritu dute: Juaristik eta Gotzon Martinek baita Xabier Berasategik eta Andoni Lopez de Abetxukok ere, Mikel Bizkarraren luzapenaz gain.
Euskaltel-Euskadi 2025 (19 txirrindulari): Jon Aberasturi, Jon Agirre (fitxaketa), Nicolás Alustiza, Xabier Berasategi (berritzea), Mikel Bizkarra (luzapena), Iker Bonillo, Víctor de la Parte, Márton Dina (fitxaketa), Ander Ganzabal (fitxaketa), Paul Hennequin (fitxaketa), Xabier Isasa, Txomin Juaristi (berritzea), Jordi López (berritzea), Andoni López de Abetxuko (berritzea), Gotzon Martín (berritzea), Iker Mintegi, Jokin Murguialday (fitxaketa), Louis Sutton (fitxaketa) eta Unai Zubeldia.