Unai Iribar eta Asier Etxeberria Euskaltel-Euskadi taldearekin arituko dira

Itzuli

2021/08/04

Unai Iribar eta Asier Etxeberria Euskaltel-Euskadi taldearekin arituko dira

Asier Etxeberria (1998, Eguesibar, Nafarroa) eta Unai Iribar (1999, Ibarra, Gipuzkoa) Euskaltel-Euskadi taldearen bi 'stagiare' izango dira aurten, Laboral Kutxaren harrobitik igota.

Laboral Kutxa taldearen kirol zuzendaria Ion Lazkanok goraipatu ditu biak: "Unaik handinahia du, oso lehiakorra da, umoretsua eta bromazalea da; Asier, berriz, mutil zintzoa da, umila eta gertukotasuna erakusten duena, lasaia eta langilea". Iribar Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan aritu zen eskoletik junior mailara arte; Ampo eta Laboral Kutxan lehiatu da 23 urteko azpikoetan. Etxeberria, ordea, Eguesibar, Aranguren eta Quesos Albeniz taldeetan aritu zen eskoletik jubenilera, eta Euskadi Fundazioa, Ampo eta Laboral Kutxa multzoetan, amateur mailan.

Zalantzarik gabe, Unai Iribarrek marka utzi du aurten tropelean: Murgian, Legazpin eta Duranan irabazi zuen; bigarren sailkatu zen Gorlan eta Urrakin; brontzea eskuratu zuen Espainiako Txapelketan eta 15. postua erdietsi zuen Italiako Giroan; horrenbestez, Abiatzen Txapelketan nagusitu zen eta liderra da Euskaldun Txapelketan. Bestetik, Etxeberriak aurreneko sasoia du elite mailan; aurten, besoak altxatu zituen Gorlan, Unai Iribar lagunduta; eta bigarren sailkatu zen Tolosan eta Villatuertan.

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldearen kirol zuzendaria: "Oso txirrindulari ezagunak dira guretzat. Hain zuzen, Iribar nabarmendu da junior mailatik, txirrindulari irabazlea da, eta urratsak eman ditu urtero. Aurten, goi mailako emaitzak lortu ditu, aurreneko postuetan izan da beti, baita Giroan ere, eta brontzea eskuratu zuen Espainiako Txapelketan. Etorkizuneko txirrindularia da. Etxeberria, ordea, etxeko gizona da; izan ere, aukera hau orain dela bi urte izan zuen; maila du eta gurekin ikusi nahi dugu berriz". Bi txirrindulariak Euskaltel-Euskadiren hurrengo profesional egutegian lehiatuko dira; izan ere, harrobi lana du helburutzat Euskadi Fundazioak eta Unai eta Asier Laboral Kutxa taldean hazi dira.

Unai Iribar: "Oso ilusionatuta nago Euskaltel-Euskadi bezalako etxeko taldeak nirekin egin duen apostu honengatik. Egia da ez dela izango profesionalekin edukiko dudan lehenengo esperientzia, baina berezia izango da talde honekin karrera batzuk egitea. Aukera hau aprobetxatzeko gogo askorekin naiz eta taldekide berriek asko erakutsiko didaten itxaropena dut".

Asier Etxeberria: "Stagiare moduan profesional mailan korritzea asko suposatzen du niretzat; 2019. urtean korritu nuen Burgoseko Itzulia eta berriz ere aukera hau izatea oso garrantzitsua da niretzat. Asko pozten nau aukera hau ematea Euskaltel-Euskadi taldeak, ikasteko eta esperientzia hartzeko aukera paregabea dela-eta".

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean