Usoa Ostolazak (LABORAL Kutxa) Aubisquen irabazi du Pirinioetako Tourreko bigarren etapa

Itzuli

2024/06/15

Usoa Ostolazak (LABORAL Kutxa) Aubisquen irabazi du Pirinioetako Tourreko bigarren etapa

Usoa Ostolazak (1998, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa) garaipen bikaina lortu du Col d 'Aubisque mendatean, Tour Féminin International des Pyrénées (2.1, Frantzia) lasterketaren bigarren etapan, eta Yurani Blanco hirugarren izan da eguna biribiltzeko. Bide batez, Ostolaza da lasterketako liderra.

Ostolazak Aubisqueko igoera bikaina burutu du, 16,8 kilometro % 7,1era. Ostolazak Valentina Cavallar (ARK) harrapatu du lau kilometroren faltan, eta atzean utzi du bi kilometrora. Laino artean, Zarauzko txirrindulariak erakustaldia amaitu du eta besoak altxatu ditu 1.700 metroko altueran, UCIren lehen garaipena eskuratzako, nazioarte mailan LABORAL Kutxa taldearentzat ere lehena.

Helmugan, Ostolazak 26 "atera dizkio Cavallarri eta 58" bere taldekide Blancori. Honek ere gora egin du eta igoera bikaina bete du. Sailkapen nagusian, Ostolazak eta Blancok lehen eta hirugarren postuak errepikatu dituzte, igandeko azken etaparen faltan, Nay-Bosdarros 125,6 kilometro.

Usoa Ostolaza: "Garaipen oso berezia da. Oso pozik gaude egin dugun lasterketarekin eta Aubisque bezalako mendate garrantzitsu batean garaipena lortzeagatik. Bagenekien taldeak maila ona egin zezakeela, garaipena lehiatzeko aukerak baikenituen, eta hala izan da. Taldekidee lan bikaina egin dute Aubisqueren oinera arte, lasterketa kontrolpean izateko. Behin mendatea hasita, bakoitza bere lekura joan da. Yurani eta biok gora egin dugu indarrak neurtzen, eta azkenean nik irabazi ahal izan dut eta Yuranik hirugarren postua lortu du. Bihar sailkapen nagusia lortzeko eta itzulia irabazteko lehiatuko gara".

Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduraduna: "Eguna erabat burutu dugu. Lasterketa oso zuzen joan da, Cofidis eta Arkéa taldeei erantzukizuna utzi diegu, Frantzian lehiatzen gara-eta. Bagenekien multzo on bat genuela maldan gora, eta Aubisquerako utzi ditugu aukera guztiak. Argi genuen gure erritmoa behetik jarriko genuela, erasorik egin gabe. Usoak eta Yuranik erritmoa jarri dute eta aurkariak gainditu dituzte kilometroz kilometro. Usoak abiadura bizitu du, denak menderatu ditu, Cavalar harrapatu duen arte. Yurani 25"-ra zen atzetik eta Arkéako txirrindulariari urduritasuna luzaten saiatu gara. Azkenean, Usoak bi kilometrora egin du azken eraso eta helmugaraino iritsi da alderik handiena hartzeko. Orain atseden unea da bihar itzuliaren garaipena lortzeko".

2021az geroztik LABORAL Kutxan, Ostolaza hazi egin da taldearekin batera, eta aurten behin betiko jauzia eman du; bigarren izan zen Eibar Hiria Sari Nagusian, Yurani Blanco taldekidearen atzetik, eta bosgarren Andaluziako Itzulian.

Yurani Blanco, Jessenia Meneses, Usoa Ostolaza, Marta Romeu, Aileen Schweikart eta Eneritz Vadillo dira lasterketan lehiatzen ari diren sei txirrindulariak, Ion Lazkanoren kirol zuzendaritzapean, eta FDJ-Suez, Cofidis eta Arkéa bezalako taldeen aurka.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean