Xabier Berasategi (Euskaltel-Euskadi), 8. postua Italiako birari amaiera emateko

Itzuli

2023/09/17

Xabier Berasategi (Euskaltel-Euskadi), 8. postua Italiako birari amaiera emateko

Euskaltel-Euskadi taldeak maila ona eskaini du aste honetan lehiatu den Italiako lau klasikoetan eta Xabier Berasategik (2000, Olaberria, Gipuzkoa) zortzigarren postua erdietsi du igandean Trofeo Matteotti (1.1, Italia) klasikoan. Gotzon Martin lehen 20en artean sailkatu da lau probetatik hirutan.

15 kilometroko zirkuitu zorrotzean (13 itzuli), Via Tiberi (900 metro % 5,1ean), Colle Scorrano (600 metro % 5,8an) eta Montesilvano (700 metro % 5,3an) erripekin, Berasategik onenekin bat egin du Trofeo Matteotti lasterketan. Buruan erasoak izan diren arren, gipuzkoarra onenen artean helmugaratu da zortzigarren postua lortzeko; Gotzon Martin lehen multzo horretan heldu da ere eta 15. postua poltsikoratu du. Garaipena Sjoerd Baxentzat (UAD) izan da, Simone Velasco (ITA), Lorenzo Rota (ICW), Michael Matthews (JAY) eta Marc Hirschi (UAD) aurkarien aurretik.

Berasategik lehen urtea du profesionaletan Euskaltel-Euskadin, harrobiko LABORAL Kutxa taldean lau urte burutu ondoren. 2023 honetan 10. izan zen Ordizian eta 12. Finistèreko Tourrean.

Parte-hartze eta eskakizun handiko lau lasterketatan, maila ona eman du talde laranjak, nahiz eta emaitzak ezin hobeak izan. Gotzon Martin izan zen onena Toskanako Giroan (1.1), 17. mailan, eta Sabatini Coppan (1. Pro), 19. mailan, Xabier Berasategi 20. sailkatuta, eta 15 txirrindularik bakarrik bukatu zuten Pantani Memoriala (1.1). Pavel Sivakovek (IGD) Richard Carapaz (EFE) gainditu zuen Toskanako Giroan; Hirschik, Sivakovek eta Tadej Pogacarrek (UAD) Coppa Sabatiniko podiuma osatu zuten; Alexey Lutsenkok (AST) Hirschi eta Sivakov gainditu zituen Pantaniren Oroimenezkoan. Enekoitz Azparren, Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Xabier Berasategi, Peio Goikoetxea, Gotzon Martin eta Antonio Soto izan dira bira honetan lehiatu diren zazpi txirrindulariak, Pello Olaberriaren zuzendaritzapean.

Pello Olaberria, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendaria: "Gaurko lasterketa oso ondo atera zaigu zirkuitu zorrotz batean, 13 itzuli hiru aldapatan banatzen zen igoerarekin. Bagenekien kanporatze lasterketa bat izango zela, hala izan da; azken bi itzulietan Ibai, Xabier Mikel, Gotzon eta Xabierrekin geratu gara. Azken aldapa hogei bat txirrindularik pasa dute eta, esprintean, Xabier zortzigarren postuan eta Gotzonek 15ean, oso ondo, maila handiko aurkariekin.

Lau klasikoko birari dagokionez, oso pozik nago taldearen errendimenduarekin eta jarrerarekin, maila handiko lasterketetan emaitza ez baita hain ona. Zorionez, gaurko top15 bikoitzarekin arantza kendu ahal izan dugu eta eman duten errendimendua islatzen du horrek. Berasategik merezi zuen postu hori, sekulako denboraldia egiten ari da neoprofesionala izaten, eta Gotzonek ere maila ona eskaini du".

Taldearen hurrengo lasterketak bi itzuli izango dira: Adriatica Ionica Race (2.1, Italia), irailaren 22tik 24ra, eta Langkawiko Tourra (2.Pro, Malaysia), irailaren 23tik 30era. Gainera, Enekoitz Azparren eta Xabier Mikel Azparren asteazkenetik aurrera Drenthen (Herbehereak) jokatuko den Europako Txapelketan lehiatuko dira, 23 urtez azpiko eta elite mailan, hurrenez hurren.

Argazkiak: Simona Bernardini

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean