Zortea alde izan ez duen asteburua igaro du frantziar lurraldean talde laranjak

Itzuli

2018/04/16

Zortea alde izan ez duen asteburua igaro du frantziar lurraldean talde laranjak

Euskadi Fundazioa lehian aritu da Frantzian, entzutetsuak diren eta maila altua duten Tour de Finisterre eta Tro Bro Leon lasterketetan.

Zoritxarrez, Jon Ander Insausti, Marc Buades, Peio Goikoetxea, Gotzon Martin, Juan Antonio López-Cózar, Ricardo García eta Egoitz Fernandez txirrindulariek osatutako eta Jorge Azanzak zuzendutako taldeak ez du zortea aldeko izan, eginiko talde lan bikaina ezin izan baitute emaitza on batekin borobildu.

Larunbatean, taldeko Juan Antonio López Cózar 33. sailkatu zen. Bere hitzetan “lasterketa guztian zehar topera joaten den Frantziako Kopako egun mitiko horietako bat izan zen Tour de Finisterre. Une oro erne egon eta lehiakorrak izan ginen, baina Hivert, Bardet edo Van Garderen bezalako maila altuko txirrindularien aurka ezer gutxi egin genezaken”.

Igandean, Tro Bro Leon lasterketa entzutetsuaren txanda izan zen. Talde laranja berriro saiatu zen lur bideetan zehar postu on bat lortzen. Zortea ez zuten lagun izan. “Tro Bro Leon lasterketa ikusgarria da. Jon Ander Insaustirekin lasterketa lehiatzeko benetako aukerak genituen, eta momenturik txarrenean iritsi zen zulatua. Pena. Hala ere, horrelakoak izaten dira lasterketak, eta hurrengoan gogo gehiagorekin itzuliko gara”, baieztatu du Jorge Azanza zuzendariak.

Etorkizunari begira, hurrengo asteburuan, apirilaren 20tik 22ra bitarte lehiatuko den Gaztela eta Leongo Itzulian berriro protagonista izateko gogoz dago taldea.

Argazkia: Cassandra Donne

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean