Xabier Mikel Azparren (Euskaltel-Euskadi), bederatzigarren Saudi Tourrean

Itzuli

2023/02/03

Xabier Mikel Azparren (Euskaltel-Euskadi), bederatzigarren Saudi Tourrean

Euskaltel-Euskadik ondo bukatu du Saudi Tourra (2.1). Xabier Mikel Azparrenek top10 bereganatu du, bederatzigarren, eta Juanjo Lobato zazpigarren izan da bosgarren eta azken etapan.

Talde laranjak marka utzi du berriro errepidean. Txomin Juaristi eguneko ihesaldian sartu da eta Lehiakortasunaren maillot janzteko dena eman du, bigarren postua poltsikoratuta; taldeak laugarren ihesaldia harrapatu du bost eguneko itzulian. Peio Goikoetxea protagonista izan zen lehen etapan; Enekoitz Azparren bigarrenean eta Juaristi bera hirugarrenean. Osteguneko etapa nagusian onenekin, Xabier Mikel Azparrenek, taldekideak lagunduta, zulatu bat gainditu du azken saioan, eta sailkapen nagusiko lehen hamarren artean bukatu du, bederatzigarren postuan hain zuzen ere. Ruben Guerreiro (MOV) izan da irabazlea eta Simone Consonni (COF) izan da azkarrena.

Euskaltel-Euskadi, beraz, oso protagonista izan da Saudi Tourrean. Azpimarratzekoak dira Andoni Lopez de Abetxukoren postuak bere bigarren lasterketa profesionalean, 12. bigarren etapan eta 11. hirugarrenean; Xabier Mikel Azparren zortzigarren izan zen osteguneko etapa nagusian eta Lobato zazpigarren izan da gaur. Ibai Azurmendi eta Lopez de Abetxuko, berriz, erori egin ziren eta lasterketa utzu behar izan zuten, talde laranjak emaitza hobeak lortzeko aukerak galtzen.

Xabier Mikel Azparren: "Aste bikaina egin dugu: Abetxukoren postu onak lehen egunetan, Peio (Goikoetxea) eta Txomin lehian maillot urdina lortzeko, ni bederatzigarren sailkapen nagusian eta Lobatoren azken postuarekin gaur. Taldeak lan bikaina egin du itzuli osoan zehar, ni zaintzen, ez dut ezer gehiago gastatu behar izan, eta amaieretara osorik iristen nintzen, denborarik ez galtzeko eta sailkapen nagusian lehiatu ahal izateko indarrez. Arlo pertsonalean, itzuli garrantzitsua izan da. Ikusten dut helburu bat dudanean hori lortzeko gai naizela, borrokatzeko gai naizela, eta, batez ere, taldekideen laguntza izatea oso berezia izan da; zugan konfiantza dutela ikustea eta zuk erantzutea. Niretzat oso itzuli polita izan da.

Taldeak helburu argiak zituen hasieran: Txomin, Ibai eta ni, sailkapen nagusiari begira eta Lobato eta Abetxuko esprintei begira. Zorte txarra izan dugu erorikoekin: Azurmendi galdu genuen hirugarren egunean, Abetxuko atzo, Enekoitz ere lurrera joan zen... Hala eta guztiz ere, konfiantza mantendu dugu. Gaurko etapa oso urduria zen sterrato zati horrekin. Zortea izan dut, anaiak eta biok bizikleta oso antzekoa dugu eta. Eta zulatu bezain laster berea eman dit eta tropelean sartu naiz berriro, etapa buruan gainditzeko. Taldea oso dinamika onean dago eta bide horretatik jarraitu behar dugu".

VOLTA CV

Volta a la Comunitat Valencianan, Euskaltel-Euskadi WorldTourreko taldeetatik gertu egon da berriro, hiru ordezkarirekin buruan, Mikel Bizkarra, Joan Bou eta Gotzon Martin, 11. bizkaitarra helmugan, Oronet (2. mailakoa, 91,9 km) eta Garbí (1. mailakoa, 117,2 km) mendateak gaindituta, helmugatik 28 kilometrora azken hori. Taldeka, Jorge Azanzaren multzoa zazpigarrena da, lehen ProTeam mailakoa hain zuzen ere.

Larunbatean etapa nagusia iritsiko da, Ahin (3. km, 30 km), Collado de Ayódar (3. km, 47,1 km), Torralba del Pinar (2. km, 59,2 km), Mont Mayor (2. km, 117,6 km) eta helmuga Santa Covan (2. km), 8,1 km % 4,9ra, ia 3.500 metroko desnibela guztira.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean