
2022/09/17
Euskadi Fundazioa, harrobiko hiru txirrindularirekin Wollongongeko Munduko Txapelketan
Euskadi Fundazioko hiru txirrindularik parte hartuko dute igande honetatik aurrera Wollongongen (Australia) ospatuko den Munduko Errepideko Txapelketan: Gotzon Martín (1996, Euskaltel-Euskadi), Idoia Eraso (2002, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) eta Enekoitz Azparren (2002, Laboral Kutxa).
Zalantzarik gabe, Euskadi Fundazioaren proiektuak, bere babesleen lagunduta, euskal harrobiarekin eta bere hiru kirol taldeekin duen konpromisoa eta lana saritzen dituen deialdia da.
Gotzon Martin bizkaitarra Espainiako Itzulian lehiatu da eta maiatzean izandako eroriko larria atzean utzi ondoren iritsi da. Eraso, berriz, nazioarte mailan lehiatu da eta 2022 honetan 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun bikoitza izan zen nafarra. Azparren gipuzkoarrak, azkenik, Etorkizuneko Tourrean aritu zen (24. postua), Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, hirugarren sailkatu zen Nafarroako Itzulia, laugarren Espainiako Txapelketa, beste emaitzen artean. Euskadi Fundazioaren kirol egituran hazten eta aurrera egiten ari diren hiru txirrindulari dira
Gotzon Martín: "Munduko Txapelketa batean parte hartzea saria da. Esker onez eta gogoz nago ondo egiteko, aukeraz eta esperientziaz gozatzeko, eta aprobetxatzeko. Urte zail baten ondoren, maiatzean izan nuen erorikoarekin, ez nuen denboraldi honetan berriro korritzeko asmorik, edo agian urte amaieran lasterketaren bat. Gauzak aldatu egiten dira, berriz. Espainiako Itzulian lehiatzeko aukera izan nuen, eta orain munduko txapelketan parte hartzeko aukera dut. Oso harro eta motibatuta nago, eta ahalik eta hobekien egiteko konpromisoa dut".
Idoia Eraso: "Nire lehen Mundiala izango da eta gogotsu nago. Oso sari polita da, bai maila pertsonalean, bai kirol mailan, taldearekin. Erronka bat da, oso gogorra izango dela dakidalako, elite mailan munduko txirrindulari onenekin arituko naiz-eta. Nik konpromiso osoa dut ahalik eta gehien emateko eta nire taldekideei ahal dudan guztian laguntzeko. Hori da nire erronka, eta esperientziaz ere gozatu nahi dut".
Enekoitz Azparren: "Munduko Txapelketa batean egoteak ilusioa egiten du beti, are gehiago Australian, herrialde berri bat ezagutzeko esperientziagatik eta lehen Mundiala delako. Egia esan, nahiko sasoi onean iristen naiz Etorkizuneko Tourretik, sentsazio onak utzi zizkidalako. Motibazioa handia da, ilusio handia egiten didan Munduko Txapelketa delako".
Eraso asteazkenean (14:20) talde gizonen eta emakumeen taldekako erlojupekoan (28,2 km) izango da Espainiako selekzioarenkin. Ostiralean (13:00) Azparren 23 urte azpiko Munduko Txapelketan lehiatuko da 169,8 kilometro. Larunbatean, Erasok elite mailako emakumezkoen proba errepikatuko du (12:25), 164,3 km. Azkenik, Gotzon Martinek igandean (10:15) elite mailako gizonezkoen lasterketari ekingo dio, 266,9 kilometro betetzeko. Hemen, zortzi ordu gutxiago dira.