Itzulia: Enekoitz Azparren (Euskaltel-Euskadi), 142 kilometro ihesean

Itzuli

2024/04/02

Itzulia: Enekoitz Azparren (Euskaltel-Euskadi), 142 kilometro ihesean

Jon Aberasturi, bigarren Frantzian

Enekoitz Azparren (Euskaltel-Euskadi) protagonista izan da Itzulia Basque Country-ko bigarren etapan (2.UWT), Irun-Kanbo, 160 kilometrotik 140 ihes eginda gipuzkoarra.

Azparren ia hasieratik sortu den eguneko ihesaldian sartu da, beste lau txirrindularirekin: Vuillermoz (TEN), Bol (BBH), Azparren (Q36) eta Cobo (EKP) -azken hori atzean geratu da-. Euriak saioaren arriskua biderkatu du azken herenean, ibilbide gorabeheratsuan, eta lau iheslariek ez dute amore eman 12 kilometro falta arte, 142 kilometro betetzeko buruan Azparrenek.

Eroriko batzuek tropela astindu dute azken kilometroetan eta 40 txirrindulariko talde bat garaipena lortzeko lehiatu da. Paul Lapeirak (DCT) besoak altxatu ditu helmugan Gotzon Martinekin 16. sailkaturik; eta gainerako taldekideak bigarren talde batean sartu dira, 23"-ra. Primoz Roglicek (BOH) lider jarraitzen du.

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna: "Laburpena positiboa da berriz ere, Enekoitz ihesaldian sartu da, adi, eta nabarmendu gara lasterketa buruan. Atzetik, Gotzon bere lekuan egon da garaipena jokatu duenburuz buruko taldeak. Pena da Victorrek, sailkapen nagusirako dugun gizonak, 23" galdu izana, baina hori ere ez da oso alde esanguratsua, eta, gutxienez, erorikoak ez ditugu izan, Berasategiren ondoriorik gabeko bat izan ezik. Bihar ibilbidea zorrotzagoa izango da, ihes egitea ez da erraza izango, baina hori izango da gure lehen helburua. Poza, ia erabatekoa, Frantziatik heldu zaigu; Aberasturik eta taldeak erakutsi dute irabazteko gai garela, posiblea dela. Bere bigarren postuak konfiantza handia ematen digu bertan geratzen diren hiru etapei begira, baita Itzuliko multzoari".

Asteazkenean hirugarren etapa jokatuko da, Itzuliko luzeena, 190,9 kilometrokoa Ezpeletatik Altsasura eta sei mendate puntuagarrirekin: Otsondo (2.a, 8,5 km), Usategieta (2.a, 59,8 km), Uitzi (3.a, 70,1 km), Zuarrarrate (3.a, 85,5 km), Olaberria (3.a, 154,2 km) eta Lizarrusti (2.a, 172,5 km).

Jon Aberasturi, bigarren Frantzian

Jon Aberasturi Euskaltel-Euskadirentzat lehen garaipena lortzeko gertu geratu da, bigarren sailkatuta Région Pays de la Loire Tour (2.1, Frantzia) itzuliaren aurreneko saioan, Fontenay-le-Comte - Saint-Jean-de-Monts, 210,5 kilometro. 'Foto-finish' amaiera batean, Marijn van den Berg (EFE) izan da irabazlea Aberasturiren aurretik.

Andoni Lopez de Abetxukok burura eraman du Aberasturi. Ez du aukera alferrik galdu garaipena borrokatzeko, Van den Bergek baino ez baitzuen gainditu foto-finishean. Arabarrak bigarren postu bera du sailkapen nagusian eta Xabier Isasa bederatzigarrena da, ihesaldi batean parte hartu eta bi segundoko gainsaria jaso ondoren.

Jon Aberasturi: "Pena da lehen garaipena taldearentzat hain gutxigatik lortu ez izana. Azken lasterketak ondo ikusi dut neure burua, adi, hanka onak nituen, baina gauza batengatik edo besteagatik ez zitzaizkidan emaitzak ateratzen ari. Gaur dena ondo atera zait amaieran, eta oso gertu izan dut garaipena. Edonola ere, saiatzen jarraituko dugu.

Etapa oso laua zen eta zirkuitu batean amaitzen zen. Taldea ahalik eta gertu izan dut, batez ere Isasa azken zatian. Azken kilometroan, Abetxukok aurrera eraman nau, azken bihurgunean buruan sartzea ezinbestekoa zelako, eta hori lortu egin dugu. Ezkerretik hasi dut esprinta, baina Van Ryseleko txirrindulari batek azkar hasi du ere eta gainditu nau hasiera batean; erritmoa jaitsi dut orduan eta Education taldeko txirrindulariak eskuinetik ekin dio orduan.

Nik esprinta ahalik eta azkarren abiatu dut berriro ere; tamalez, Education taldeko txirrindularia aurretik zen, indartsua da, eta irabazteko falta izan zaidan apur hori xehetasun zehatzengatik izan da".

Jon Aberasturi, Nicolás Alustiza, Iker Bonillo, Xabier Isasa, Andoni López de Abetxuko eta Unai Zubeldia dira sei txirrindulariak Frantzian, Santi Barrancoren zuzendaritzapean, asteartetik ostiralera lau etapatan lehiatzeko. Asteazkenean bigarren etapa ospatuko da, Châteaubriant - Saumur, 162,1 km, zirkuitu batean amaituta eta 400 metroko % 11ean aldaparekin.

Euskal txirrindularitzarekin lankidetzan aritu nahi?

Izan bazkide

Eman izena gure newsletterrean