Euskaltel-Euskadi: Elkarrekin eta bat eginik, ilusioz beteriko denboraldi batean, sustraiak eta anbizioa ardatz ditugula

Fundación Euskadi
20 de enero de 2026

Laranja koloreak distira berezia izan du gaur Derion, Euskaltelen egoitzan egin den Euskaltel-Euskadi taldearen aurkezpen ofizialean. Ekitaldia abagune egokia izan da taldearen, babesleen eta afizioaren arteko lotura sendotzeko, laranja kolorea defendatuko duten 20 txirrindulari eta telefono-operadorearen zenbait langile elkartu baititu lehiaketaren debutaren aurretik, zeina datorren asteburuan izango baita.

Juan Mari Guajardo eta Iker Amarika gidari izan dituen ekitaldi honetan agerian geratu da 1997an sortu zen ondare historiko honek jarraipena izango duela. Une gogoangarrienetako bat izan da Euskadi Fundazioaren presidente Iñaki Isasik elastiko berria eman dionean Euskaltelen presidente Jon Ander de las Fuentesi. Keinu horrek zigilua jarri dio 2020az geroztik etenik izan ez duen aliantzari, zeinak "Marea Laranjaren" eta Fundazioko bazkideen identitatea ondratzen baitu, haiek ematen baitiete ikusgarritasuna lurraldeko txirrindularitzaren tradizioari eta sustraiei.

Zazpigarren aldiz jarraian ProTeam gisa elitean sendotu ostean, Euskaltel-Euskadi taldeak egutegi globalizatu baten erronkari helduko dio anbizio berrituarekin. Taldea bere jarraitzaileei ohore eginez lehiatuko da, eta lehiarik gorenaren irudia proiektatuko du lasterketaz lasterketa. Motibazioak goia joko du etxeko hitzorduetan, batez ere Itzulian, zeina Frantziako Tour partikularra baita taldearentzat eta zaleentzat, eta ez da motibaziorik faltako Lizarra, Donostia, Ordizia eta Getxoko GP Indurain klasikoetan ere.

Euskaltel-Euskadi_aurkezpena_2_baja.jpg

Julen Axpe monologogileak txinparta jarri dio ekitaldiari bere umore fresko eta hurbilarekin, eta irribarre batez eman dio amaiera topaketari. Ekitaldiari amaiera emateko, argazki bat atera dute Euskalteleko langileek eta txirrindulariek auditorioan, taldearen eta enpresaren arteko lotura islatuz.

Jon Ander de las Fuentes, Euskalteleko presidentea: “Euskaltel-Euskadi maila goreneko talde bat da; lasterketa onenetan eskuz esku lehiatzeko prestatuta dago, horretarako egitura egokia eta talentua baititu, eta argi du norantz jo nahi duen. Eta, batez ere, ez zaio inoiz ahaztu nondik datorren. Ibilbide horretan, Euskaltelek babesle nagusi gisa duen papera ez da bakarrik elastikoan logoa jartzea. Proiektuaren funtsezko palanka izatea da. Bultza egitea, sinestea eta laguntzea. Hau da, ekipoak ahalik eta urrutien iristeko behar dituen tresnak, baliabideak eta konfiantza izan ditzan gaude hemen.

Iñaki Isasi, Euskadi Fundazioko presidentea: "Euskaltel-Euskadi talde erakargarria da gure lurraldeko txirrindulari gazteentzat. Etxeko txirrindulariei ilusioa pizteko gaitasuna berreskuratzeko lanean ari gara, eta, horretarako, gure babesleen berrikuntzak eta gure langile teknikoen gaitasunak bat egiten duten ingurune bat eskaintzen diegu, talentua bultzatzeko. Gure historiaren oinarri sendoen gainean etorkizuna eraikitzen ari gara”.

Jorge Azanza, kirol-zuzendaria: "Talde orekatua, ausarta eta zintzoa dugu; munduko onenekin aritzeko aukera izango dugu, eta denboraldi ona egin nahi dugu. Gure helburua da protagonistak izatea, lasterketetan borroka egitea, eta WorldTourretik haratago lehiaketetan parte hartu ahal izatea. Eta, bide batez, babesten gaituztenei emaitzekin eskertzea gugan duten konfiantza. Nortasuna eta zintzotasuna ditugu oinarri, eta balio horiek dira gure benetako identitate-marka nazioarteko tropelean. Ezaugarri horiei esker, hazi egiten gara erronken aurrean”.

Erakundeek taldearekiko duten konpromisoaren erakusgarri da ekitaldian, besteak beste, Carlos Sergio Bizkaiko Kiroletako zuzendari nagusiak eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkateak.

Horiez gainera, beste hauek ere beren babesa adierazi nahi izan diote taldeari: Alberto Rodríguez, Kutxabankeko babesletza-zuzendaria; Rubén Zabaleta, Aritz Elorza eta Aiora Arrieta, Irizar-eko presidentea, kontseilu errektoreko presidentea eta kontseilu sozialeko presidentea, hurrenez hurren; Fernando Arroyo, Toyota Japan Car etxeko gerentea; Aintzane Castañeira, Abuseko Media & Events marketin-managerra; eta, azkenik, Raúl Mena, Manu Gómez, Iñaki Pinedo, eta Santi Osoro -azken honek Abraham Olano zuzendari teknikoa lagundura-, Euskadiko, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako federazioetako presidenteak.

Halaber, taldearen babesle garrantzitsuak Euskaltel, Kutxabank, Basque Country eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundiak dira, eta bikaintasunerako laguntza teknikoa eskaintzen dute QuickPro, AGU, Irizar, Toyota Euskadi, No Limited, Abus eta Nutrinovex markek ere. Kolaboratzaileen sarea, bestalde, Sura Vitasan, Insalus, Luis Cañas, Hotel Cap Negret, Galius, Bikone, Think Rider, Vittoria, Aero Cycling Gear, Ges eta Rotek markekin osatzen da.

Euskaltel-Euskadik komunitate batu baten balioen enbaxadore gisa ekingo dio denboraldi berriari. Lehen lasterketa ostiralean bertan izango da, Camp de Morvedreko klasikoetako lehen dortsalarekin; ondoren, larunbatean, Castellóko Sari Nagusia jokatuko da, eta, igandean, Comunitat Valenciana-GP València.

0 Iruzkinak
Hasi saioa edo erregistratu iruzkinak egiteko