Jonathan Lastrak bere eskarmentua eskaintzen jarraituko du Euskaltel-Euskadin

Fundación Euskadi
2026ko abuztuaren 18a

Jonathan Lastrak (1993, Bilbo) Euskaltel-Euskadirekin lotuta jarraituko du hurrengo bi denboraldietan, 2027an eta 2028an, eta talde laranjari bere eskarmentua eta maila ematen jarraituko du.

2026an Euskaltel-Euskadin aritu ondoren, bi aldeek elkarren arteko konfiantza berritu dute beste bi urterako. Txirrindulari bizkaitarrak 11 denboraldi daramatza profesionaletan, 2016tik, hain zuzen ere. Ibilbide horretan bost Vuelta eta bi Giro lehiatu ditu. Aurten ere bere balioaniztasun erakutsi du, itzulietan zein klasikoetan, eta nabarmentzekoa da Jaengo Klasikoan, Itzulian eta Getxon ihesaldietan erakutsi duen lehiakortasuna. Gainera, funtsezko eginkizuna betetzen du ibilbideko buru eta taldeko gazteentzat gidari gisa. Egutegiko hurrengo hitzordua Bretagne Classic (1.UWT) izango du bizkaitarrak.

Jonathan Lastra: "Oso pozik nago Euskaltel-Euskadirekin beste bi denboraldirako kontratua berritzeagatik. Joan den urtearen amaieran konfiantza izan zuten nigan eta, iritsi nintzenetik, etxean bezala sentitu naiz. Behar nuen aldaketa zen, eta hasiera-hasieratik argi izan nuen hemen jarraitu nahi nuela. Bi urterako berritzeak lasaitasun handia ematen dit lanean jarraitzeko. Badakit ekarpen handia egin dezakedala, bai gazteei laguntzeko eta aholkuak emateko orduan, bai puntuen batuketan, gaur egun hain garrantzitsuak baitira hazten ari den proiektu hau finkatzeko. Oso eskertuta nago babesagatik eta taldearen barnean hazten jarraitzeko aukera honengatik".

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduraduna: "Jonathanen jarraipena albiste bikaina da proiektuarentzat. Bere heldutasunak eta nazioarteko tropelean duen ezagutza zabalak balio ikaragarria ematen digute, bai lasterketan, bai lehiaketatik kanpo. Txirrindulari langilea, balio anitzekoa eta edozein ibilbidean lehiakorra da, baina, batez ere, eredu bat da txirrindulari gazteenentzat, hazten jarraitzeko gidari ezin hobea aurkitzen dute-eta".

Berrikuntza hau Jon Agirre, Xabier Berasategi eta Gotzon Martinen iragarritakoei gehitu behar zaie. Halaber, taldeak Mikel Landa, Marco Martin, Hodei Muñoz eta Felipe Ortsen fitxaketak baieztatu ditu Euskaltel-Euskadik, eta Yago Agirre, Samuel Fernandez, Iker Mintegi, Gari Ugarte eta Axel van der Tuuk taldekideek hurrengo denboraldirako kontratua indarrean dute.

jonathan-lastra-1-itzulia-2026-etapa4-baja.jpg

0 Iruzkinak
Hasi saioa edo erregistratu iruzkinak egiteko